Eguraldia.- Neguko itxura izango du ostegunak

Publicado: miércoles, 22 marzo 2017 17:31

BILBO, 22 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, ostegunean, martxoaren 23an, neguko itxura izango du eguraldiak. Tenperatura baxuen ondorioz hartuko du negu itxura eguraldiak, izan ere goizaldean asko hoztuko du eta izotza egin dezake barnealdean.

Goizean hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira eta zaparradaren bat edo beste bota dezake. Arratsalde-gau partean, berriz, eguraldia ezegonkortu egingo da. Hodei ilunez estaliko da zerua eta zaparradak botako ditu han-hemenka, gainera noizean behin trumoitsuak izan daitezke eta txingorra egin dezake.

Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira. Elur kota 700-900 metro inguruan egongo da arratsaldean, baina 1.000 metrora igoko da gauean. Hiriburuetan, Bilbon 5 gradu espero dira gutxienez eta 12 gehienez, Donostian 4 gutxienez eta 11 gehienez, Gasteizen -2 gutxienez eta 9 gehienez eta Iruñean 1 gutxienez eta 12 gehienez.

Itsasoan, goizaldean hego/hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, 3ko indarrarekin, eta arratsaldean haizea eki/ipar-ekialdera aldatuko da, 3ko indarrarekin. Itsaso kizkurra eragingo du goizean eta itsaskirria arratsaldean. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3 metro inguruko olatuak altxatuko ditu eta arratsalde-gauean 2,5 metro ingurukoak. Trumoi ekaitzak izan daitezke. Itsasgorak 00:03an eta 12:49an izango dira, eta itsasbeherak 06:20an eta 18:44an. Uraren tenperatura 13 gradukoa da eta ikus-eremua lau eta hamar kilometro artekoa izango da.