Ostirala nahasia dator eta zaparrada giroa nagusituko da

Actualizado: jueves, 30 julio 2015 17:30

BILBO, 30 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, ostiralean, uztailaren 31ean, eguna nahasia dator. Zaparrada giroa nagusituko da eta tarteka trumoiak joko du. Lainotzarrak sartuko dira eta zaparradak botako ditu, gainera zenbait lekutan trumoitsuak izan daitezke eta gogotik bota dezake. Ezegonkortasuna handiagoa izango da ekialdean eta euri gehien Pirinioetatik gertu egingo du.

Ipar ukituko haizerekin, freskotik jarraituko du, beroenak 20-23 gradu artekoak izango dira. Hiriburuetan, Bilbon 16 gradu espero dira gutxienez eta 21 gehienez, Donostian 15 gutxienez eta 21 gehienez, Gasteizen 13 gutxienez eta 22 gehienez, eta Iruñean 13 gutxienez eta 25 gehienez.

Itsasoan, ipar-ekialdeko haizeak, 3-4ko indarrarekin, itsaskirria edo itsaskia eragingo du, eta ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5-1 metro inguruko olatuak altxatuko ditu. Trumoi ekaitzak botako ditu eta ekaitz eremuetan txingorra egin dezake eta haize bolada gogorrak egon daitezke. Itsasgorak 03:19an eta 15:36an izango dira, eta itsasbeherak 09:17an eta 21:45ean. Uraren tenperatura 23-24 gradukoa da eta ikus-eremua bat eta lau kilometro artekoa izango da.