EH Bilduren proposamen bat ez du tramitera onartu du Legebiltzarreko Mahaiak, euskara hutsean jaso duelako

Actualizado: martes, 24 mayo 2016 18:36

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

    EH Bildu taldeak Eusko Legebiltzarreko Erregelamendua urratzea eta "euskara bigarren mailan jartzea" egotzi die astearte honetan EAJ, PSE-EE eta PPri, hizkuntza murgiltze ereduari buruzko bere lege proposamena tramitera onartzeari uko egin diotelako Mahaian, euskara hutsean jaso dutela argudiatuz.

   Juanjo Agirrezabala eta Xabier Isasi legebiltzarkideek irmo salatu dute Legebiltzarreko Mahaiaren erabakia, "legebiltzarkide guztiok dugun euskaraz lan egiteko eskubidea urratu duelako eta agerian utzi duelako Erregelamenduak aitortzen digun eskubide hori teorikoa baino ez dela, praktikan EAJ, PP eta PSErentzat euskara bigarren mailako hizkuntza dela oraindik Legebiltzarrean".

   EH Bilduko legebiltzarkideek azpimarratu dutenez, "Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Parlamentuan Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2015eko txostena aurkeztu duen egun berean Parlamentuak berak urratu ditu hizkuntza eskubideak".

   Koalizio abertzaleko legebiltzarkideek azaldu dute pasa den astean iragarri bezala, EH Bilduk Hezkuntza Sistema Ez Unibertsitarioan Hizkuntzen Tratamenduari buruzko lege proposamena erroldatu zuela ostiralean, baina, Erregelamenduak ezarritako baldintza guztiak bete arren, Mahaiak ez duela tramitera onartu "euskaraz jaso duelako". "Antza, itzulpena ez da iritsi eta hori izan da PP eta PSEren aitzakia ekimena tramitatzearen kontra agertzeko", gaineratu dute.

EAJ-REN JARRERA

   Agirrezabala eta Isasiren esanetan, "PPk eta PSEk euskararekiko inolako begirunerik ez izateak ez gaitu harritzen; EAJren jarrerak, ordea, harritu eta kezkatzen gaitu, bere abstentzioak gure lege proposamena ez tramitatzea ahalbidetu duelako. Bere abstentzioarekin EAJk babesa eman dio euskararen eta euskaldunon kontrako eraso larri honi, babesa eman die euskara bigarren edo hirugarren mailan jartzen dutenei".

   EH Bilduren ordezkariek gogorarazi dute Eusko Legebiltzarrean ere euskara hizkuntza ofiziala dela eta bertako Erregelamenduak euskaraz lan egiteko eskubidea babesten duela. Horren haritik, Erregelamendua urratzea leporatu diete EAJ, PP eta PSEri, eta ohartarazi dute alderantziz gertatuz gero, proposamena gaztelaniaz bakarrik aurkeztuz gero, Mahaiak arazorik gabe onartuko zukeela.

   "Duela bi aste horixe gertatu zen PPren lege proposamen batekin; beti egiten duen moduan, PPk gaztelaniaz bakarrik erroldatu zuen eta tramitera onartu zen, euskaratu gabe. Egia esan, oraindik gaur ez dugu euskaraz jaso, baina guk ez dugu tramitazioa horregatik oztopatu nahi izan", azaldu dute.

   EH Bilduk protesta formala helaraziko dio Eusko Legebiltzarreko Mahaiari eta asteazkenean exijituko dio astearte honetan hartu duen "erabaki bidegabea berraztertzeko eta zuzentzeko, ohiko tramitazioa martxan jartze aldera".