EHNE-Bizkaiak salatu du Idiazabal gaztaren soberakinak ardi-sektorea "itotzen" ari direla

Esne soberakinak ardi-sektorea "itotzen" ari direla salatu du EHNE-Bizkaia
Europa Press
Actualizado: miércoles, 8 junio 2011 15:27

BILBO, 8 Jun. (EUROPA PRESS) -

EHNE-Bizkaia sindikatuak Idiazabal gaztaren soberakinak ardi sektorea "itotzen" ari direla salatu du gaur, eta horregatik, proposamen bat lantzen ari da, gazta soberakina erosi eta elikagaien bankura bideratzeko.

Hala ere, neurri zehatz hori "izaera sakonagoko" beste neurri batzuekin osatu behar dela azpimarratu du, hala nola ekoizpenaren kontrola eta prezio justuak ekoizle zein kontsumitzaileentzat, sindikatuko iturriek prentsa ohar bidez adierazi dutenez.

"Artzainak eta industria txikia egoera larrian daude, gazta soberakin handien ondorioz. Bizkaiko EHNE aspalditik ari zen abisatzen ardi-sektorearen intentsifikazio prozesuak ekar zitzakeen kalteez. Larregizko ekoizpenaren arriskua eta merkatuaren saturazioaren arriskua jakinekoa zen. Merkatuaren saturazioa krisi ekonomikoarekin batera iritsi da, gainera. Ondorioz, artzainen gehiengo handi batek zailtasun handiak ditu gazta saltzeko" azaldu dute.

Bestalde, Aldanondo gazta-industria egoera hori baliatzen ari dela salatu du, "gazta prezio oso baxuetan erosteko, sei eurotik behera, hainbat kasutan", eta egoera horrek ardi-esne ekoizleengan ere eragiten duela. "Aldanondok gazta soberakinak prezio oso baxuan erosten dituenez, ez du esnearen beharrik gazta berria egiteko, ez baldin bada prezio oso baxuan eta baldintza txarretan ordainketa epeei eta biltzeko puntu zein garaiari dagokionez", gaineratu dute.

Hori guztia dela eta, EHNE-Bizkaia proposamenak lantzen ari da eta gai hau aztertzeko Eusko Jaurlaritzak sorturiko mahaian aurkeztuko ditu. Horrela, Bizkaiko EHNEk gazta soberakinen erosketa publikoa egitea proposatu du, ondoren elikagaien bankura bideratzeko. Beste aukera bat litzateke, era berean, gazta eszedenteak jantoki kolektiboetara bideratzea.

Gisa honetako laguntza neurri batek sektorearen aldetik konpromisoak eskatzen dituela adierazi du, "egoera ez errepikatzeko". "Ezin da ahaztu egungo egoeraren oinarria merkatu tradizionalaren saturazioan dagoela, eta saturazio horren arrazoia ekoizpenaren intentsifikazioak eragin duela. Intentsifikazioak, era berean, gaztaren azken prezioaren handitze inportantea eragin du", azaldu du.

EHNE-Bizkaiaren iritziz, sektorearen konpromisoak hainbat oinarri izan behar ditu: gazta eta eta esnearen diferentziazioa ekoizpen ereduaren bidez, artzantza estentsibo eta autonomoan oinarrituta eta transgenikorik gabe; ekoizpenaren kontrola, ustiategiko topeekin eta bertako kontsumoari egokitua.

Administrazioak, bere aldetik, ekoizleen eta industriaren artean prezioak negoziatu ahal izateko tresnak bideratu behar ditu, gutxienez ekoizpen kostuak beteko direla ziurtatuz. Honek Prezioan Behatokia berehala sortzea eskatzen du, "kate osoaren transparentzia errazteko".