EHU Ikasgela sortu dute IK4-Tekniker zentroak eta Euskal Herriko Unibertsitateak

EHU Ikasgela aurkeztu dute
Foto: IREKIA
Actualizado: viernes, 17 enero 2014 14:32

DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

   IK4-Tekniker zentro teknologikoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) elkarren arteko lankidetza sustatzen duen hitzarmena sinatu dute, teknologia gunearen instalazioetan espazio bat sortzea aurreikusten duena: EHU Ikasgela.

   Teknologia guneak enpresek berritzeko duten premiei begira eskaini dezakeen ezagutzaren balioaren jakitun, eta unibertsitateak eskaini ditzakeen ikasle eta ikertzaile onenen talentuaren jakitun, bi erakunderen ahalmen eta gaitasunen baturatik sortu da EHU Ikasgela, euskal enpresa munduari balioa emateko helburuarekin eta, ondorioz, lurraldean aberastasuna sortzeko xedearekin.

   IK4-Teknikrrek Eibarko Teknologia Poloan duen egoitza berrian dago EHU Ikasgela, Gipuzkoako Teknologia Parkean. Ikerketaren eta teknologiaren alorrean dabiltzan eta prestatzen ari diren pertsonek, unibertsitatetik kanpo ere, ikaskuntza, irakaskuntza eta ikerketa bultzatzeko eta EHUren bibliografia baliabideetarako eta formatu elektronikoko informaziorako sarbidea edukitzeko gunea izan dezaten dago pentsatuta gune berria.

   Ekimena abian jartzearen helburu nagusia da lankidetzan egindako ikerketa bultzatzea, EHUko baterako doktore tesiak, gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak egitea sustatzea, eta bi erakundeetako pertsonen eta ekipoen artean harreman egonkorrak sortzea. Hartara, ikerketa eta berrikuntza kooperatiboa eta ekoizpen zientifikoa bultzatzeko sortu da.

   Topagune moduan eratu da EHU Ikasgela, informazio zein ezagutza zientifiko eta teknikoa partekatzeko gune gisa. Ildo horretan, EHUren azpiegitura zientifikorako lotura ere izango da, eta ikaskuntzarako, irakaskuntzarako eta ikerketarako ingurune bihurtuko da.

   Talentua partekatzeko baliagarria izango den ekimen honek asko lagunduko du lantalde mistoak osatzen; alegia, ikerketa eta eskualdatze-proiektu handinahi eta berritzaileagoei heltzeko behar adina masa kritiko izango duten lantaldeak osatzen. Era berean, gizartearen erronka orokorrei eta bereziki gure inguruneari eragiten dioten erronkei erantzuna ematera bideratuta dauden I+G+b jarduerak garatzea ere izango du helburu.

"ALBISTE BIKAINA"

   EHU Ikasgelaren aurkezpen ekitaldia Eibarko egoitzan bertan egin da. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak adierazi duenez, ekimena "zientzia eta teknologiaren euskal sistemarentzat eta gure berrikuntza eta transferentzia ereduarentzat albiste bikaina da".

   "Unibertsitatearen eta Teknikerren artean ezarri den elkarlana eta lotura ekimen eredugarria da, eta erakunde bien ezagutza teknologikoari balio erantsia gehituko dio", gaineratu du.

   Bestalde, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorearen iritziz, "Euskal Herriko Unibertsitateak gizarte eragile guztiekin duen harremanak, eta ondorioz, baita enpresarekin duenak ere, ibilbide luze eta bizia egin du; alabaina, IK4-Teknikerren kokatutako EHU Ikasgela honek aurrerabide handia ekarri digu".

   "Oraingoan, unibertsitatea bera atera da enpresaren bila, eta hementxe kokatu da, teknologia gune batean, irakaskuntzarako eta ikerketarako nukleo gisa eratuta. EHU, beraz, IK4-Teknikerren patronatuan txertatu zen, iazko urtearen amaieran onartuta, eta bateratze honek ezin zuen hasiera hoberik izan: EHU Ikasgela baitugu lehen emaitza", azaldu du.