EHUk bi MOOC ikastaro abiaraziko ditu martxoan, lehen aldiz

BILBO, 1 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gradu Ikasketa eta Berrikuntza Errektoreordetzak deialdi bat abiarazi zuen joan den urtean, Massive Online Open Course (MOOC) ikastaroak diseinatu, ekoiztu, argitaratu, gauzatu eta ebaluatzeko asmoz, eta orain, martxoan hasita, Universia eta Telefónicak sustatutako Miríada X plataformaren bidez egongo dira martxan, EHUk jakinarazi duenez.

MOOC ikastaroak urrutiko prestakuntzako ikastaroak dira, jakintza modu irekian, doan eta on line eskuratzea oinarritzat hartuta, ahalik eta erabiltzaile gehienengana heltzea helburu dutenak, horretarako elkarlanean aritzeko metodologia parte hartzailea erabiliz. Berariazko eskaintza antolatzeko asmoz, EHUko Gradu Ikasketa eta Berrikuntza Errektoreordetzak deialdia sustatu nahi izan zuen bertako irakasleen artean 2014-15 ikasturtean barrena irakats zedin.

Lehen bi ikastaroak, "Pensamiento Computacional en la Escuela" (Pentsamendu konputazionala eskolan) eta "Asma en niños. La epidemia del siglo XXI" (Asma haurrengan. XXI. mendeko izurria), eskura daude jada Miríada X plataformaren bidez, jakintza modu irekian zabaltzeko apustua egina baitu Iberoamerikako goi hezkuntzaren eremuan.

Plataforma hau Universia sarea osatzen duten unibertsitateetako irakasleen esku dago, hezkuntza mota honen eskaintza egiteko, eta Telefónica Learning Services konpainiak, hezkuntza eta prestakuntzarako online ikaskuntzarako programa integraletan espezializatutakoak, eta Universiak, gaztelania eta portugeseko unibertsitateen sarerik handienak, sustatzen dute 2013ko urtarriletik.

IKT

Unibertsitateetan -irakaskuntzan zein ikerketan- apurka ematen ari den aldaketa baldintzatzen ari dira IKTak. Oraintsu agertu den irakaskuntza ereduetako bat, sarea eta informazioa beste era batera ulertzetik sortua, MOOC ikastaroena dela adierazi du Inmaculada Maiz EHUko Akademia Antolakuntzako eta Campus Birtualeko zuzendariak.

MOOC izena ematen zaio osorik on line ematen den eta ezaugarri nagusitzat "irekia" eta "masiboa" izatea dituen ikastaroari. Hain zuzen ere, EHUko MOOC ikastaroen ezaugarri nagusiak dira, urrutiko hezkuntzarako eskaintzaren barruan, irekiak izatea, alegia, bertara sartzeko ez dela ezelako baldintzarik eskatzen eta edonork har dezakeela parte.

Halaber, linean eskainitakoak, hau da, urrutitik eskaintzen da oso osorik, eta masiboak dira, ahalik eta erabiltzaile kopururik handienera iristeko diseinatuak, parte hartzaileen kopururik aldez aurretik zehaztu beharrik gabekoa.

Gainera, autonomiadunak dira, ikasleen ikasketa autonomoa sustatzeko pentsatutako egitura baitute, eta parte hartzekoak, elkarte birtualak sortzera bideratuta baitaude, ikasleek jakintzak eta esperientziak berorietan parteka ditzaten, lankidetzarako sareak sortzeko eta proposatutako gaien inguruko solasaldiak egiteko bideak eskainiz.

EGITURA

Hasieran, EHUko MOOC ikastaroen eskaintza bateratzeko eta ikastaro horiek definitu eta abian jartzeko, ikastarook oinarrizko egitura bat bermatuko duten ezaugarriak izan behar dituzte. Gutxienez lau aste eta gehienez 12 asteko iraupena izan behar dute, ikaslearen dedikazioa ez da izango bost ordutik gorakoa astean, moduluka antolatuta egon beharko du eta, hauetariko bakoitzak ikusentzuteko materiala, laguntzarako material teorikoa eta ebaluazio sistema izango ditu.

Aurrekoaz gain, MOOC ikastaroak sarrerarako modulu bat eduki beharko du. Bertan, ikastaroan emango den gaia deskribatzeko bideo labur bat egon beharko da. Horrez gain, modulu honetan MOOC ikastaroan parte hartuko duten ikasleek dituzten jakintzak ebaluatu ahal izango dira, irakasleak edo irakasle taldeak jakin dezan ikasleen hasierako maila zein den.

Gainera, MOOC ikastaroan parte hartzen duten ikasleen arteko komunikazioa sustatzeko eta ikasleok dituzten jakintzen trukerako eztabaidak bultzatzeko, irakasleak edo irakasle taldeak eztabaida foro bat sortu beharko du. Azkenik, MOOC ikastaroen izaera irekia dela eta, plataformako MOOC ikastaroetan erabilitako material guztia Creative Commons lizentziapean argitaratu beharko da nahitaez.