EHUk Donostian egingo du Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldi instituzionala

Actualizado: lunes, 6 marzo 2017 14:48

DONOSTIA, 6 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ekitaldi instituzionala egingo du asteazkenean, martxoaren 8an, goizeko 10:30ean, Zuzenbide Fakultateko David Kato Gradu Aretoan, Donostian, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Zuzenbide Fakultateko zuzendaritza taldeak antolatu du ekitaldia, "Justizia Sozialaren alde" lelopean.

Halaber, gradu amaierako lanetan genero ikuspegia jasotzeko III. Francisca de Aculodi Saria, master amaierako lanetan genero ikuspegia barne hartzearen V. Maraa Goyri Saria eta ikasketa feministei edo genero Ikerketei buruzko Tesi Onenaren IV. Micaela Portilla Saria banatuko dira.

Ekitaldian izango dira Nekane Balluerka EHUko errektorea, Idoia Fernandez Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordea, Juana Goizueta Zuzenbide Fakultateko dekanoa, Leire Imaz Berdintasunerako zuzendaria eta Oscar Arroyuelo Zuzenbide Fakultateko administratzailea.

Ekitaldiaren ostean, Justizia Sozialaren aldeko "ereitea" egingo da. "Haziak istorio baten ernamuin eta protagonista den izaki ororen funtsa gordetzen du. Pertsona bakoitza hazi bat da, prestatzailea eta prestakuntza jasotzen duena, baina baita justizia sozial baten aldeko eraldatzailea ere. Hori dela eta, kolektiboki eta sinbolikoki ereiten dugu, erne eta zabal dadin, bereziki gaur, Emakumeen Nazioarteko Egunean", adierazi du EHUk.

Eguna amaitzeko "Justizia Sozialaren aldeko ekintza" burutuko da: "Zapalduon Antzerkiaren sarrera, Gipuzkoako zapalduon antzerkiko ekintzaile diren Margui Rodriguez Alonsok eta Laura Tarifa Zafrak dinamizatua, Ageda Blascorekin eta Pablo Vijande Menendezekin elkarlanean".

Ekitaldi instituzionalaz gain, EHUko hiru campusetan ere hainbat ekintza antolatu dira martxo osorako Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta.