EHUk eta Cebek Bizkaiko patronalak jarduera bateratuak sustatuko dituzte

Iñaki Garcinuño eta Nekane Balluerka
EHU
Actualizado: lunes, 20 noviembre 2017 13:56

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoreak eta Iñaki Garcinuño Bizkaiko Enpresa Konfederazioko (Cebek) presidenteak bi erakundeen arteko oinarrizko lankidetza hitzarmena sinatu dute astelehen honetan, Bilbon, jarduera bateratuak planifikatzeko, egituratzeko eta sustatzeko. Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du.

EHUko Bizkaiko campuseko zentroek eta Cebekek elkarrekin jardun dute azken hamarkadan, berrikuntzarekin eta ezagutza sortzearekin eta eraldatzearekin loturako hainbat motako jarduerak abian jartzeko. Jarduera horiek guztiak Bizkaia ekonomikoki eta sozialki sustatzera eta garatzera bideratuta daude.

Balluerkak adierazi duenez, "hitzarmen honen bitartez unibertsitatearen eta Bizkaiko enpresen arteko elkarlanari jarraipena ematen zaio". "Ikerketa taldeen emaitzak enpresa jarduerara eramatea garrantzitsua da. Harreman horren intentsitateak azaltzen du laneko esparru egonkor bat sortzeko beharra, ez bakarrik orain arte egindakoa sendotzeko, baita lan hori beste esparrutara zabaltzeko ere", azaldu du.

Bestalde, Garcinuñok Unibertsitate/Enpresa Prestakuntza Duala gehitzeko beharra nabarmendu du. Bere hitzetan, "gazteek gure enpresen beharrak bertatik bertara ezagutzeko aukera dute, eta, are gehiago, gaur egun gertatzen ari den demografiaren beherakadaren ondorioz lan merkatuaren eskaerak betetzea zailtzen hasi denean".

Bi erakundeen arteko Oinarrizko Lankidetza Hitzarmenaren xedea da EHUren eta Cebeken arteko esparrua eta lankidetza oinarriak zehaztea. Modu horretan, Bizkaiaren sustapena eta garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko jarduketak burutu nahi dira, berrikuntzaren bitartez, ezagutza sortuz eta eraldatuz, sarean lan eginez, eta proiektuak sustatuz eta kudeatuz, bi erakundeen artean aurretik izandako lankidetzei jarraipena emanez.

EKINTZAK

Modu honetan, lankidetza hitzarmenaren baitan, Unibertsitate/Enpresa Prestakuntza Duala sustatuko da, eta ikerketa eta bere emaitzak Bizkaiko ehun ekonomikora hurbilduko dira. Gainera, ikasleak eta irakasleak sentsibiluzatu nahi dira, enpresa ulertzeko bertan diharduten pertsona guztien proiektu partekatu gisa.

Bi erakundeek elkarlanean jardungo dute talentua produkzio ehunaren beharretara egokituta sortzeko eta ikasleek enplegua bilatzeko aukerak hobetzeko, eta EHUko Bizkaiko campuseko irakasleek eta ikertzaileek laguntza eta aholkularitza eskainiko dute, berrikuntzaren bidez, ezagutza sortuz eta eraldatuz, sarean lan eginez, eta proiektuak bultzatuz eta kudeatuz, Bizkaiaren sustapen eta garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko ekintzetan.

Gainera, azterketako eta ikerketako lan akademikoak gauzatuko dira, Bizkaiko campusean hezkuntza lankidetzako programak (praktika boluntarioak), gradu amaierako lanak, gradu amaierako proiektuak, master amaierako lanak eta doktorego tesiak egiten direnean.

Berrikuntzarako jarduerak ere egingo dira, enpresa ekimenak eta ekimenerako grina sustatzea babesteko, eta elkarri lotuta dauden prestakuntzako eta dibulgazioko ikastaroak, biltzarrak eta topaketak antolatuko dira.