EHUk eta San Millán de la Cogolla Fundazioak harremana sendotzeko oinarrizko hitzarmena sinatu dute

Nekane Balluerka eta Leonor González
EHU
Actualizado: lunes, 16 julio 2018 13:01

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektore Nekane Balluerkak eta Errioxako Gobernuko Ekonomiaren Garapeneko eta Berrikuntzako kontseilari eta San Millán de la Cogolla Fundazioak sortutako Cilengua Gaztelaniaren Ikerketarako Nazioarteko Zentroko presidente Leonor González-ek bi erakundeen arteko oinarrizko lankidetza hitzarmena sinatu dute astelehen honetan, prestakuntza, ikerketa, transferentzia, berrikuntza eta ezagutzaren hedapenaren arloetan bi erakundeen arteko harremana bideratzeko, areagotzeko eta sendotzeko.

Bi erakundeek 2010ean sinatu zuten oinarrizko lankidetza hitzarmena 2017ko abendura arte egon da indarrean, eta bi ikerketa proiektu bateratu garatu dira horren babesean: lehenengoa, San Millán de la Cogollako Galicano kartularioari buruzkoa, eta bigarrena mundu iberoamerikarreko kontzeptuen historiari buruzkoa (Iberconceptos).

Orain, ezarritako lan esparrua sustatzen jarraitzeko, bi erakundeek beste hitzarmen bat sinatu dute. Hitzarmen berria lau urtez egongo da indarrean, eta urtero onartuko du dagokion ikasturte akademikoaren urteko plana, jarduera zehatzen ezarpena bideratzeko.

Alde horretatik, jada izenpetu da "Iberconceptos. Historia conceptual, constitucionalismo y modernidad en España, en Europa y en el mundo iberoamericano. Una aproximación multidisciplinar" proiektuari jarraipena emateko hitzarmen zehatza. Proiektu hori berriki birformulatu eta eguneratu da Estatuko I+G+B Planren testuinguruan, "Aproximación interdisciplinar a los lenguajes jurídico-políticos de la modernidad euroamericana" izenburuarekin eta Javier Fernández Sebastián EHUko irakaslearen zuzendaritzapean.

BILTZARRA

Hitzarmen zehatz horren babesean, 2019ko uztailean nazioarteko biltzar bat egitea erabaki da, "Modernidades euroamericanas: lenguajes, conceptos, metáforas" izenburupean. Biltzarrean 25 herrialdetako adituak elkartuko dira, eta saioak EHUn eta San Millán de la Cogollako monasterioan egingo dira. Aurreikusitako biltzar hori Iberconceptos sarearen barruan dago.

Nekane Balluerkaren iritziz, "hitzarmen honen bidez sendotu egiten dira lehendik ezarrita zeuden eta jarraipena ez ezik lan esparru berrietara hedatzea ere eskatzen zuten harremanak". "Euskadi eta Errioxa geografikoki elkarren ondoan dauden bi lurralde izateaz gainera, ikuspegi kulturaletik ere oso hurbil dauden bi lurralde dira, eta orain elkarlanean jarduteko aukera dugu nazioartean entzutea duten EHUko ikertaldeen parte hartzearen bidez", adierazi du.

Bestalde, Leonor González-en hitzetan, "hitzarmen honekin eta barne hartzen dituen proiektuekin, Errioxak, San Millán de la Cogolla Fundazioaren eta Gaztelaniaren Ikerketarako Nazioarteko Zentroaren bidez, berriro agerian jartzen du filologia ikerketarekin duen konpromiso irmoa, bai eta helburu bateratuak partekatzen dituzten beste erakunde batzuekin elkarlanean jardutearen aldeko apustua ere".

Alde horretatik, gogoratu du San Millán de la Cogollako artxibo eta ondare funtsek "Euskal Herriaren eta Errioxaren iragan komunaren lekuko baliotsuak" gordetzen dituztela, eta, bereziki, euskararenak eta gaztelaniarenak, "bi herrialdeotan erabili izan baitira historiaren epe luzeetan zehar".