EHUk graduondokoen eskaintza osoa aurkeztuko du ostiralean Bilbon

Bizkaia Aretoan egingo da Master Astea Bilbon
Europa Press
Actualizado: jueves, 10 marzo 2016 12:55

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Master Astea eramango du Bilbora ostiralean, martxoaren 11n, eta gradunondokoen eskaintza "zabal eta askotarikoa" aurkeztuko du Bizkaia Aretoan, arratsaldeko 15:30etik aurrera. Master Astea "aukera ezin hobea da" informazio zuzena jasotzeko programen arduradunen eta tituluetako irakasleen eta aurreko ikasturteetako masterretako egresatuen eskutik.

   Kalitate handiko irakasleek eta irakasten diren gaietan espezializaturiko profesionalek maila goreneko prestakuntza eskaintzen dute EHUko graduondokoetan, eta ikasleei lagungarri izango zaie jardunaldia, ikasten jarraitzeko "bide onena" aukeratzeko, EHUk jakinarazi duenez.

   Beste urteetan bezala, EHUk, astebetez, bere eskaintza aurkezten du hiru campusetan: 110 master ofizial, 65 doktorego programa eta 30 titulu propio baino gehiago (espezializazio handiko eta lanera bideratutako titulazioak). Ostiralean Bilbon izan aurretik, Master Astea Donostiatik eta Gasteiztik igaro da. Iazko Master Astean 1.500 bisitari izan ziren.

   Jardunaldiak antzeko formatua du hiru campusetan. Hainbat standetan, master, doktorego programa eta berezko titulu bakoitzaren ezaugarriak azalduko zaizkio publikoari, batez ere azken urteko ikasleei eta espezializatu nahi duten titulatuei, master bat edo graduondoko eta etengabeko prestakuntzaren beste modalitate bat eginez. Standak irekita egongo dira 16:00etatik 19:00etara. Aldi berean, master batzuen irakasleek tituluen aurkezpenak egingo dituzte eta ikasleen zalantzak argituko dituzte.

   EHUko graduondokoen eskaintzak jakintza arlo guztiak biltzen ditu (Zientziak, Osasun Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak, eta Artea eta Giza Zientziak), eta ikasleak harremanetan jartzen ditu nazioarteko ikertaldeekin, teknologia zentroekin, enpresekin eta erakundeekin.

   Gainera, 700 hitzarmen baino gehiago ditugu sinatuak I+G+b zentroekin, erakundeekin eta enpresekin gure master eta doktorego programetarako, eta nazioarteko truke programetan ere parte hartzen dugu, Erasmus+ programan kasurako.

   Horri guztiari esker, ikasleek praktikak egin ditzakete inguruko enpresa edo erakundeetan, estatuan zein nazioartean mugi daitezke, eta errazago hasi daitezke lan merkatuan.