EHUk harremanak estutuko ditu Amerikako, Erresuma Batuko eta Frantziako unibertsitateekin

Actualizado: jueves, 14 febrero 2013 14:36

Columbia eta George Mason unibertsitateek bultzatutako "Aguirre lehendakaria" nazioarteko programari atxiki zaio


BILBO, 14 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gobernu Kontseiluak nazioarteko zenbait unibertsitaterekin hainbat lankidetza-hitzarmen sinatzea onartu du ostegun honetan, hala nola Amerikako, Erresuma Batuko eta Frantziako unibertsitateekin.

Iñaki Goirizelaia errektoreak adierazi duenez, "datozen urteei begira proposatutako helburuak hiru ardatz nagusitan egituratzen dira: ikerketa, komunikazioa eta nazioartekotzea. Hirugarren ardatz hori funtsezkoa da; izan ere, egiazko unibertsitate batek bere lekua sendotu behar du nazioartean, egindako ikerketen bidez ez ezik, mundu osoko erakunde akademikoekin finkatutako lankidetza trinkoen bidez ere".

Halaber, EHU "Aguirre lehendakaria" programan sartzea ere onartu du Gobernu Kontseiluak, eta dagokion hitzarmena sinatuko du laster, proiektua bultzatu duten Columbia eta George Mason unibertsitate estatubatuarrekin. "Aguirre lehendakaria Center of Social and Political Studies" programa Juan Jose Ibarretxe EHUko doktoreak zuzentzen du, eta bi unibertsitate amerikarrek sortu zuten ofizialki 2011. urtean, gizarte, ekonomia eta politikaren arloko harremanak bultzatzeko xedea izango duten ikerketak sustatzeko.

Zentroaren helburua nazioartean sare bidezko lankidetza-esparru bat ezartzea da, ikerketa, berrikuntza eta ezagutzaren dibulgazioa garatzeko. Horren guztiaren oinarrian euskal ereduaren azterketa dago, eraldaketa sozio-ekonomikoaren eta giza garapen iraunkorraren arrakastako adibide gisa hartuta. Hitzarmenak hiru urteko iraunaldia izango du eta euskal unibertsitatekoak ez diren funtsen bidez finantzatuko da.

Horrez gain, Edinburgoko Unibertsitatearekin ulermen-memoranduma ere onartu da. Horren bidez, areagotu egingo da bi unibertsitateen arteko harremana, besteak beste, graduko eta graduondoko ikasketen curriculumaren garapenean, ikerketa-proiektuen lankidetzan, ikertzaileen mugikortasunean eta beste arlo batzuetan.

Azkenik, Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmenak helburu zehatzagoa du: lankidetza ezartzea EHUren Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa masterraren eta Biologie Spécialité Dynamique des Ecosystémes Aquatiques masterraren artean. Azkenekoa UFR (Unité de Formation et de Recherche) de Sciences et Techniques de la Côte Basque-k ematen du, Baiona-Angelun.

Akordio horrek bi tituluetako ikasleak eta zientzialariak trukatzea ahalbidetuko du, egonaldiak eta irakaskuntza-jarduerak nahiz ikerketa-proiektuak egin ahal izango baitituzte erakunde elkartuan.

Era berean, Gobernu Kontseiluari atzerriko beste unibertsitate batzuekin sinatutako hitzarmenen berri eman zaio. Horien artean unibertsitate hauek daude: Lebanese University (Libano), Universitá Politecnica delle Marche (Italia), la Universidad Myongji (Hego Korea), Pontificia Universidad Javeriana de Colombia eta Universidad Nacional de Catamarca (Argentina).

IKERTZEKO LAGUNTZAK

Bestalde, EHUko Gobernu Kontseiluak hainbat laguntza onartu ditu 2013. urtean ikerketak egiteko. Laguntza horien multzo nagusia kalitateko ikerketa bultzatzeko, ikertzera bideratutako baliabideak egokitzeko eta hobetzeko, eta ezagutzaren transferentzia sustatzeko erabiliko da.

Laguntzen bigarren multzoa zientzia-azpiegiturak eta bibliografia-funtsak berritzera eta erostera bideratuko da, eta hirugarren multzoak mugikortasuna eta ikerketako emaitzen dibulgazioa sustatuko ditu.

Amaitzeko, 2013-14 ikasturtearen oinarrizko egutegia onartu dute. Lehen lauhilekoa irailaren 9tik abenduaren 20ra izango da, eta bigarrena urtarrilaren 27tik maiatzaren 16ra. Azterketa arruntak urtarrilaren 9tik 24ra eta maiatzaren 19tik ekainaren 5era izango dira, eta ezohikoak, berriz, ekainaren 19an hasi eta uztailaren 10ean amaituko dira. Ikastegiek beren egutegiak onartu beharko dituzte, honetan zehaztutakoaren arabera.