EHUko bi ikasle mundu mailako berrikuntza lehiaketa batek sei finalisten artean daude

Actualizado: viernes, 25 septiembre 2015 13:15

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) bi ikasle automobilgintza arloko multinazional batek antolatutako nazioarteko berrikuntza lehiaketako finalean lehiatuko dira Parisen, irailaren 29an. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko ikasle Andoni Olozaga eta Medikuntzako ikasketak amaitu ondoren MIR azterketa prestatzen diharduen Idoia Rius dira sei talde finalistetako bat osatzen duten kideak, 89 herrialdetako 1.300 lehiakide baino gehiago gainditu ondoren.

   EHUko iturriek jakinarazi dutenez, aurkeztu duten proiektua "erabat berritzailea da", automobilgintza sektoreari atxikitakoa, baina lehiaketako baldintzei jarraiki, ez dago edukia ezagutzera ematerik epaimahaiaren erabakia ezagutu baino lehen.

   Valeo multinazional frantsesak sustatutako Valeo Innovation Challenge lehiaketa ingeniaritzako ikasleei zuzenduta dago nagusiki, 2030ean automobil adimentsuagoak eta intuitiboagoak ekoiztea ahalbidetuko duten produktuak edo sistemak diseinatzeko asmoz. Hala ere, lehiaketako arauek beste espezialitate batzuekin lotuta dauden alderdi berritzaileak gehitzeko aukera ematen die beste jakintza arlo batzuetako ikasleei, eta horienn artean daude euskal taldeko kideak.

   Horrela, Andoni Olozaga eta Idoia Rius Parisko finalean lehiatuko dira irailaren 29an, Alemaniako bi unibertsitatetatik (Hannover eta Saarland), Pekingo unibertsitatetik -honek bi talde izango ditu finalean- eta Indiako unibertsitate batetik (Sri Auroindo International Centre of Education) etorritako taldeen aurka.

   Lehiaketaren bigarren edizio honetan, irabazleek 100.000 euroko saria lortuko dute, eta 10.000na euroko beste bi sari ere banatuko dira. Taldeek gutxienez bi eta gehienez bost ikasle izan behar dituzte. Jasotako 1.324 proiektuen artean, epaimahaiak 20 bat aukeratu zituen, eta irailaren 1ean, Frantziako hiriburuan hilaren 29an jokatuko den finalerako proiektuak eta dagozkien prototipo funtzionalak aurkeztu beharko dituzten sei talde finalistak izendatu zituen.

   Valeo konpainiako zuzendari nagusia buru duen epaimahaia, multinazionaleko goi kargudunek eta esparru desberdinatako kanpoko adituek osatzen dute, zientzialariak, diseinatzaileak, soziologoak eta filosofoak tarteko direla.