EHUko bi katedradun saritu ditu Espainiako Kimikako Errege Elkarteak

Asua (ezkerrean) eta Palomo
GORKA ESTRADA
Actualizado: viernes, 28 abril 2017 13:15

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Espainiako Kimikako Errege Elkartearen 2017ko Sarien epaimahaiak Urrezko Domina eman dio Claudio Palomo Nicolau Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kimika Organikoko katedradun eta Kimika Organikoa I Saileko zuzendariari eta Ikerketaren Bikaintasun Saria Jose Maria Asua Gonzalez EHUko Ingeniaritza Kimikoko katedradun eta Polymat Basque Center for Macromolecular Design and Engineering zentroko zuzendariari. EHUko Kimika Fakultateko bi irakasleek Ikerketaren Euskadi Saria jaso zuten Zientzia eta Teknologiaren modalitatean, 2008an eta 2005ean, hurrenez hurren, EHUk jakinarazi duenez.

"Espainiako Kimikako Errege Elkartearen urrezko domina honek gure ibilbide zientifikoarentzat aitortza bat suposatzen du, eta pozgarriena esparru ezberdinetako kimikariek ematen dutela da, zeintzuek lan zientifikoaren kalitatea eta nazioarte mailako gidaritza gaitasuna aitortzen eta balioztatzen duten", esan du Palomo Nicolauk.

Bestalde, Asua Gonzalezek adierazi duenez, "Ikerketaren Bikaintasun Saria jasoko nuela jakinarazi zidatenean, hamaika sentipen etorri zitzaizkidan burura. Poztasuna, lortutakoagatik harrotasuna, elkarlanean egindako ekarpenengatik hainbat lankiderentzat eta ikaslerentzat suposatzen duen aitortza, alaitasuna ere, eta esker ona familiarentzat, lagunentzat eta erakundeentzat, batez ere nire unibertsitatearentzat, haren laguntzarik gabe ezingo zelako posible izan honelako zerbait. Lehen une hori pasatu ostean, aitortza hori akuilu bat izango da polimeroen ikerketaren inguruan ditugun hamaika erronkei ekiteko".

Claudio Palomo Nicolau UPV/EHUko Kimika Organikoko katedraduna da 1989tik, eta espezialitate horretako eskolak ematen ditu, baita mintegi eta hitzaldiak ere estatuko eta atzerriko zentroetan. Orain arte, 39 doktorego tesi zuzendu eta 200 ikerlanetik gora eta zenbait patente argitaratu ditu, eta 41eko h indizea dauka.

Gaur egun, EHUko UFI 11/22 "Kimika Organikoa, Sintesia eta Katalisia" (QOSYC) Prestakuntza eta Ikerketa Unitatearen koordinatzailea da. Espainiako Kimikako Errege Elkartearen Kimika Organikoko Taldeko presidenteordea ere bada, eta EHUko Kimika Fakultateko Kimika Organikoa I Saileko zuzendaria.

GONZALEZ ASUA

Bestalde, Jose Maria Asua Gonzalez EHUko Ingeniaritza Kimikoko katedraduna da, eta Polymat Basque Center for Macromolecular Design and Engineering fundazioaren zuzendaria. Kimika Zientzien lizentzia atera zuen Bilboko Unibertsitatean (1975), eta doktoregoa Zaragozako Unibertsitatean (1978).

Bere ikerketa lerro nagusia polimerizazioaren erreakzio ingeniaritza da, eta alor horretan 340tik gora artikulu eta liburu bat argitaratu ditu, eta beste bi liburu editatu. 50 hitzaldi gonbidatu eta oso baino gehiago eman ditu, eta 150 hitzalditik gora nazioarteko biltzarretan. Gainera, biltzar horietako askotako zientzia batzordeko kide izan da. 12 patente sortu ditu beste egile batzuekin batera, eta 55 doktorego tesi baino gehiago zuzendu.