EHUko Biofisika Unitatea eta Achucarro zentroa, bioirudiaren ikerkuntzari buruzko Europako partzuergoko kide

Biofisika Unitateko ikertzaile bat espektrometro batekin lanean
EHU
Actualizado: viernes, 29 enero 2016 13:23

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   Biofisika Unitatea (CSIC-EHU) eta Achucarro Basque Centre for Neuroscience (EHU taldea) zentroa bioirudiaren ikerkuntzari buruzko Europako partzuergoa izango den Euro-BioImaging (EuBI) erakundearen lehen belaunaldiko nodo edo zentro elkartuetako bi izango dira. Europako irudi biomedikoko teknologien garapenerako koordinazio eta harmonizaziorako tresna izateko asmoz sortuko da Euro-BioImaging.

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) iturriek jakinarazi dutenez, Euro-BioImaging 2017rako operatibo egotea espero da. Bioirudiaren abangoardiako teknologia eskuragarri jarriko die Europa osoko ikerketa taldeei, bai eta teknologia horien zerbitzua eta gaikuntza ere, zientzialari, industrialari eta eskualde eta europar agintarien arteko lankidetza eta elkarlana sustatuz.

   Berriki, Euro-BioImaging (EuBI) erakundeak funtsezko bi urrats eman ditu Europako Ikerkuntzarako Azpiegituren Partzuergo (ERIC, ingelesezko sigletan) bezala eratzeko. Alde batetik, koordinaziorako hiru aldeko ardatz bat sortu du (EuBI Hub), Finlandiako Turku BioImagin erakundeak (erakundearen estatutu egoitza hartuko duena), Italiako Turingo Unibertsitateak (Med Hub edo medikuntzako irudientzako toki espezifikoa) eta Alemaniako Biologia Molekularraren Europar Laborategiak (Bio Hub edo irudi biologikoentzako tokia) osatzen dutena.

   Beste alde batetik, 28 erakunde izendatu dituzte Euro-BioImaging partzuergoko lehen belaunaldiko nodo edo zentro elkartuak izan daitezen. Europako hamar herrialde ezberdinetan banatuta dauden nodoak medikuntza eta biologiako irudien arloko abangoardiako 36 teknologiaz osatutako zorro indartsu bat eskaintzen dute. 28 erakunde horien artean daude Biofisika Unitatea (CSIC-EHU) eta Achucarro Basque Centre for Neuroscience zentroa.

   EuBI Hub eta bere nodoak lehiazko prozesu independente baten bidez aukeratu dituzte nazioarteko ebaluaketa batzordeek. Bioirudiaren teknologian nabarmenak diren zientzialari eta adituek osatu dituzte batzorde horiek eta, irizpide nagusi bezala, biomedikuntzako irudiaren teknologiaren eta zerbitzuen eskuragarritasunaren bikaintasuna izan dute kontuan.