EHUko Hezkuntzaren Museoak Manuel Bartolomé Cossío saria irabazi du

Hezkuntzaren Museoaren gela bat
EHU
Actualizado: martes, 24 noviembre 2015 14:06

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Historia eta Hezkuntza Ondarea Aztertzeko Espainiar Elkarteak eta Espainiako Kultur Ondarearen Institutuak Manuel Bartolomé Cossío saria eman diote Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hezkuntzaren Museoari. Paulí Dávila ikertzaile nagusi duen Garaian hezkuntzako azterketa historiko eta konparatuen taldeak sustatu du museoa.

   Epaimahaiak, saria ematerakoan, EHUko museoak historia eta hezkuntza interpretazioari eta jakintzari egin dien ekarpena, erakunde proiektu museistiko bat lortu izana eta bere proiekzio didaktiko potentziala aintzatetsi ditu. EHUko Hezkuntzaren Museoak Kordobako La Tribu Educa izeneko kultur elkartearekin batera irabazi du.

   "Museoaren helburu nagusia Euskal Herriko hezkuntzaren memoria historikoa berreskuratzea, zaintzea eta ezagutaraztea da. Bestalde, museo pedagogikoen ohiko erabilerez eta helburuez gain, historia eta hezkuntza ondarea katalogatzea eta zaintzea, ondare horren ikerketa eta erabilera didaktikoa ere ditu xede. Aintzatespen hau beste aurrerapauso bat da Garaian ikerketa taldeak museo hau behin betiko finkatzeko egindako lanetan", azpimarratu du Paulí Dávila EHUko Hezkuntzaren Museoko zuzendariak.

   Garaian taldea 2000. urtean eratu zen, bi ikerketa ildo ardatz hartuta: bata, Euskal Herriko hezkuntzaren historia, ibilbide luzekoa, eta bestea, umearen eskubideei buruzko azterketa konparatuari buruz. Ikerketa taldea helburu eta xede zehatz batekin aritu da ikerkuntza, transferentzia eta zabalkunde lanetan: eremu ezberdinetatik abiatuta (testu analisia, ondare historikoa, azterketa konparatuak eta beste), hezkuntzaren historiari buruzko jakintza arlo bat eraikitzea Euskal Herrian, ahalik eta gehien bistaratuko bada.

   Historia eta Hezkuntza Ondarea Aztertzeko Espainiar Elkarteak Espainiako Kultur Ondarearen Institutuaren laguntzarekin sustatutako sariak, historia eta hezkuntza ondarearen babesa, kontserbazioa, azterketa eta ikerkuntza du helburu, bai eta, aldi berean, eginkizunok sustatuko lituzketen ekintzen babesa ere. Sariak Manuel Bartolomé Cossío Espainiako Museo Pedagogiko Nazionaleko lehenengo zuzendari eta espainiar unibertsitateko lehenbiziko pedagogia katedraduna omentzen du.