Kokalekua erregistratu eta denbora errealean partekatzeko aplikazioa sortu dute EHUn

Ander Orbegozo da aplikazioaren egilea
EHU
Actualizado: lunes, 14 diciembre 2015 11:30

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

   Ander Orbegozo Igartuak (Bergara, 1993) Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritzan lizentziadunak Live Tracking aplikazioa sortu du gradu amaierako lan gisa, hots, kokalekua erregistratu eta denbora errealean partekatzeko sakelako telefonorako aplikazioa.

   "Nire proiektuaren zuzendariak, Oscar Casquero irakasleak, bazekien mapekin lan egindakoa nintzela eta gogoko nituela. Beraz, kokalekua erregistratzeko gaur egun dauden aplikazioak hobetzea proposatu zidan. Ideia horretatik sortu zen Live Tracking", azaldu du. Orbegozoren gradu amaierako lanak puntuazio gorena lortu zuen: 10.

   Bere hitzetan, Live Tracking aire zabaleko jarduerak (adibidez, mendian paseatzea eta bizikletan ibiltzea) atsegin dituzten pertsonentzat dago pentsatua. Aplikazioaren bidez, norberaren kokalekua denbora errealean erregistratzen da mapa batean, sakelakoan, eta, whatsapp, sare sozial edo mezu elektronikoen bidez, lagunekin eta senideekin parteka daiteke. "Hartara, arazoren bat baduzu ere, zu non aurkitu jakingo dute beti", gaineratu du.

   Bestalde, egiten ari den ibilbidea ikusi ez ezik, altitudea eta abiadura kontsulta daitezke grafiko batean, egindako ibilbidea gorde daiteke aurrerago kontsultatzeko, eta GPX formatuan esporta daiteke. Aplikazioa hiru hizkuntzatan erabil daiteke: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

   Live Tracking bakarra da halako aplikazioen artean. "Badaude antzeko aplikazioak, baina ez dira doakoak. Live Tracking da ezertxo ere ordaindu gabe deskarga dezakezun eta informazioa denbora errealean ematen dizun aplikazio bakarra", azaldu du egileak.

   Aplikazioa eskuragarri dago Androiden Play Store gunean; 2.500 pertsonak baino gehiagok deskargatu dute jada (%78k Espainian, %4k Alemanian, %3k Indian, %3k AEBetan eta %1ek Italian, besteak beste), eta 5etik 4,7 puntu eman dizkiote iritzia eman duten erabiltzaileek.

   Ander Orbegozok Gipuzkoako Foru Aldundiaren GipuzkoaAPPs 2015 lehiaketara aurkeztu du bere aplikazio berria. "Bada denbora proiektua lehiaketara aurkeztu nuela, baina oraindik ez dakigu nork irabazi duen", esan du. Bien bitartean, aplikazioa hobetzen eta EHUko Donostiako Informatika Fakultateko Informatika Ingeniaritzako Masterra ikasten dihardu.