EHUko ikerlari batek Flygare sari ospetsua jasoko du ekainean bere ibilbideagatik

Emilio José Cocinero ikertzailea
Foto: EHU
Actualizado: martes, 24 febrero 2015 12:08
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kimika Fisikoa saileko ikertzaile Emilio José Cocinerok bere ibilbide zientifikoa goraipatuko duen Flygare izen handiko saria jasoko du. Sari hau urtero ematen da Illinoisko Unibertsitateak (AEB) antolatzen duen Espektroskopia Molekularrari buruzko Nazioarteko Sinposioan, hau da, arlo honetan mundu mailan egiten den topaketa zientifikorik garrantzitsuenean.

   Flygare sariak espektroskopia molekularraren arloan ekarpen nabarmenenak egin dituzten zientzialari gazte independenteen ibilbidea aintzatesten du, arlo honetako munduko ikerlari gazte bikainenak sarituz, EHUk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

   Sariaren banaketa ekitaldia ekainaren 22tik 26ra bitartean Illinoisen egingo den Espektroskopia Molekularrari buruzko Nazioarteko 70. Sinposioaren baitan ospatuko da. Bertan, Cocinerok hitzaldia eskainiko du biltzarreko osoko saioan, bereizmen handiko teknikak erabiliz gas fasean dauden azukreen egituraren zehaztapen zehatzari buruz.

   Emilio J. Cocinerok Kimika doktoregoa 2005ean egin zuen Valladolideko Unibertsitatean. 2006tik Oxfordeko Unibertsitatean hiru urteko egonaldia egin ondoren, 2009ko urtarrilean EHUko kide bihurtu zen Juan de la Cierva ikertzaile bezala, eta 2011tik Kimika Fisikoko saileko Ramón y Cajal ikertzaile bezala jarduten du. Sail horretan Kimikaren zenbait egitura arazo aztertzen dituen taldea zuzentzen du.

   2012an, Espainiako Kimikako Errege Elkarteak Sigma-Aldrich saria eman zion, bere ibilbide zientifikoa Espainiako garrantzitsuenetako bat bezala aintzatetsiz, eta SusCHEM elkarteak Postdoc saria eman zion 2011n Kimika arloan ikerlari gazte batek argitaratutako artikulurik onenagatik. Gainera, 2014tik Espainiako Kimikako Errege Elkarteko Kimika Ikerlari Gazteen Talde Espezializatuko presidentea da.

   Gaztea izan arren, nazioarteko aldizkari entzutetsuetan 80 artikulu baino gehiago argitaratu ditu. Horien artean, EHUko ikertzaile bezala, 'Nature' aldizkarian argitaratutako artikuluak eta 'Angewandthe Chemie International Edition' agerkarian lortutako bi azalak nabarmen daitezke.