EHUko lehen Ikasletxea inauguratu da, ikasleek beraiek diseinatu eta kudeatuta

Ikasletxea inauguratu dute
Foto: EHU
Actualizado: jueves, 20 febrero 2014 16:36

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) lehen Ikasletxea inauguratu da gaur, otsailaren 20an, Bizkaiko campuseko Leioa-Erandio eremuan. Ikasleek diseinatu duten eta beraiek kudeatuko duten topagunea da Ikasletxea, eta aisialdiarekin eta ikasketekin zerikusia duten mota guztietako ekimenak egiteko erabiliko da, besteak beste, erakusketak, hitzaldiak, tailerrak edo jolasa. Era berean, jantoki bezala ere erabili ahal izango da.

   EHUko Biblioteka Nagusiko lehen solairuan kokatuta dago eta astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 08:00etatik 20:00etara bitartean. Leioa-Erandio eremuan ez eze, Bilbon kokatuta dauden EHUko Bizkaiko campuseko beste ikastegietan ere egokituko dira Ikasletxea guneak, eta, gune horiek, aretoen kanpoaldeetan kokatuko diren koloreetako biniloekin identifikatuko dira.

   Lehen Ikasletxearen inaugurazio ekitaldian parte hartu dute Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak, Ander Feijoo Bizkaiko Ikasleen Kontseiluko presidenteak, Carmelo Garitaonandia EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordeak eta Bizkaiko campuseko ikastegietako ordezkariek. Ikasle ugari ere izan dira ekitaldian, joan den astearen hasieratik ari baitira gunea erabiltzen.

   Bizkaiko campuseko Leioa-Erandio eremuko Ikasletxea 200 metro karratuko eremu garbi bat da, eta gune bitan ere zatitu daiteke errezel bat zabalduz. Ekipamenduari dagokionez, mahaiak, pufak eta sofak jarri dira, bai eta eszenatoki handi bat ere, mota guztietako ekitaldi eta saioak egin ahal izateko. Mikrouhin labe bi ere jarri dira, elikagaiak berotzeko.

ERAKUSKETA

   Ikasleek beraiek kudeatuko duten Ikasletxeak abian du dagoeneko bere lehen ekintza: "RumblE!!", komikiaren azal eta kontrazalekin osaturiko erakusketa. Jose Carlos Torre Arte Ederren Fakultateko graduondoko ikasle eta komikiaren zuzendariak antolatu du erakusketa. "RumblE!!" komikien eta ilustrazioen aldizkari bat da, 2009an sortua eta adin guztietako publikoari zuzendua. Erakusketa martxoaren amaierara arte egongo da ikusgai Ikasletxean.

   Ander Feijoo EHUko Bizkaiko Ikasleen Kontseiluko presidenteak ekkitaldian adierazi duenez, "gure asmoa da, hasiera batean, Ikasleen Kontseilua izatea gune hau bultzatzeaz arduratuko dena, baina nahiko genuke ikasleek bere egitea proiektua hasieratik eta beraiek izatea bai ikasketekin zein aisialdiarekin lotutako era guztietako ekimenak antolatuko dituztenak".

   "Ikasletxearekin unibertsitatearen irudia sendotu nahi dugu ikasleen topagune bezala, ikasteko ez ezik aisialdian deskonektatzeko ere erabili daitezkeen guneak eskainiz. Gure helburua da unibertsitateko ikastegi guztietan irekitzea era honetako guneak", azaldu du.

   Bestalde, Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak adierazi du Ikasletxeak ingurune bat sortu nahi duela lanerako eta harremanetarako, jarduera akademikorako eta atsedenerako. "Baina horretaz gainera, autokudeaketa eredu bat ere izan nahi du. Ikasleentzako gune bat da, beraz, ikasleek kudeatzen dutena, ikasleek bizia emango dioten leku bat eta burujabetasun osoz garatuko dena", gaineratu du.