EHUko Leioako campusak aparkaleku berriaren sarrera-irteerak alderantzikatu ditu goizez, trafikoa arintzeko

Leioako campuseko aparkaleku berria
Foto: EHU
Actualizado: miércoles, 7 enero 2015 11:45
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bizkaiko campuseko Errektoreordetzak Leioako campuseko aparkaleku berriaren sarrera eta irteera alderantzikatu ditu goizean goizetik, unibertsitateko sarbide nagusian sortzen diren auto pilaketak arintzeko asmoz. Aldaketa hau, Ion Mitxelena ikasle graduatu berriak egin duen gradu amaierako lanak proposatzen dituen aholkuak jarraituz egin da.

   Mitxelena Fisikan graduatu da 2013-2014 ikasturtean Zientzia eta Teknologia Fakultatean, eta "Simulación del tráfico de entrada al campus de Leioa-Erandio: análisis y solución de los atascos" izenburuko bere gradu amaierako lana Iñigo Etxebarria irakasleak zuzendu du.

   Lanak hiru alternatiba proposatzen ditu Leioako campusak dituen trafiko arazoak arintzeko. Hautatutako aukera, "merkeena eta eraginkorrena" Mitxelenaren arabera, aparkalekuaren sarrera eta irteera alderantzikatzean datza, sarrera irteera bihurtuz eta alderantziz.

   Egilearen esanetan, "aldaketa hauekin, aparkalekura doazen kotxeen ilara eta hara ez doazenena bereizi egiten dira eta ez dute bat egiten. Aparkalekuaren sarrera eta irteera alderantzikatuz bakarrik, campusean zehar dabiltzan kotxeen jariakortasuna %25ean arintzea lortzen da".

   Joan den azaroaren bukaera aldera, EHUko Bizkaiko campuseko Errektoreordetzak froga pilotu bat egin zuen aukeratutako alternatibaren eraginkortasuna egiaztatzeko, eta emaitzak ikusi ondoren, aldaketa behin betirako ezartzea erabaki du.

   Aukeratutakoz gain, Mitxelenaren gradu amaierako lanak beste alternatiba bi ere proposatzen ditu. Horietako batek, inolako aldaketarik ez egitea eta gauzak lehen zeuden bezala uztea proposatzen du, "baina horrek, jakina, ez ditu campusaren beharrizanak asetzen", dio lanak". Hirugarren alternatibak, "hiruretatik garestienak", sarrera eta irteera alderantzikatzeaz gain, errepidearen zati bat era esklusiboan aparkalekura sartzeko egokitzea ere proposatzen du, eta horrela han aparkatzera doazen kotxeek eta campuseko beste toki batera doazenek ez lukete inon bat egingo.

   Ion Mitxelenak CA-184 eta DFI-TCA eredu fisikoak erabili ditu bere lana egiteko, "Cellular Automata" programazioan oinarrituta daudenak, denbora eta espazioaren arteko elkarreragina aztertzeko gaitasuna dutelako. Kalkuluetan hainbat aldagai kontuan ditu, hala nola eguneko ordu ezberdinetan zenbat kotxe eta zenbat autobus sartzen diren unibertsitatera, eraikinaren sarreratik 15 metrora oinezkoentzako zebra pasabide bat dagoela edo errepidearen zati inplikatuetan ea kotxeentzako bat edo bi errei dauden.

14 AUTO ETA AUTOBUS BAT MINUTURO

   Bildutako datuen arabera, Leioako campusak egunero 14.000 pertsona inguru hartzen ditu eta, trafikoari dagokionez, arazorik gehien sortzen diren unea 08:10etik 9:50era arteko tartea da, batez beste minuturo 14 auto eta autobus bat sartzen direlarik campusera sarrera nagusitik.

   Ibilgailu horietatik guztietatik, hiru autotik bat aparkaleku berrira joaten da, eta "kontuan izanda auto horiek guztiek abiadura moteltzen dutela maniobra egiteko, bistakoa da sarrera nagusiaren ondoko aparkalekuaren presentziak eragin negatiboa duela trafikoaren jariakortasunean", dio Ion Mitxelenaren lanak.

   Hala ere, gradu amaierako lanak adierazten du autobusek ere nabarmen eragiten dutela trafikoan. Izan ere, "behin betiko irtenbide" bezala, aparkalekuaren sarrera-irteerak alderantzikatzeaz gain, autobusen eta autoen ibilbidea guztiz banatzea proposatzen du Mitxelenak, autobusak inauguratu berri den saihesbidetik desbideratuz campusera Irakasleen Eskolaren ondoan dagoen sarreratik sartu daitezen. Proposamen hau, hala ere, partzialki onartu da, ikasgelategien pareko geltokietara doazen autobusak sarrera nagusitik sartzen jarraituko dutelako.

   Carmelo Garitaonandia EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak adierazi duenez, "asko poztu nau gradu amaierako lan bat aplikatzea Leioako campuserako sarrerak eta trafikoaren jariakortasuna hobetzeko, horrek erakusten baitu gure ikasleek berrikuntzarako gaitasun handia daukatela. Eta gainera, inolako gasturik gabe; eta hori eskertzekoa da krisi sasoi hauetan".