EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak batxilergoko ikasleen eskura jarriko ditu bere irakaskuntza laborategiak

Batxilergoko ikasleak Zientzia eta Teknlogia Fakultatean
EHU
Actualizado: viernes, 11 enero 2013 12:58

BILBO, 11 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateak batxilergoko ikasleen eskura jarriko ditu bere irakaskuntza laborategiak urtarrilaren 15etik 23ra bitartean, "Fisikaz eta Ingeniaritza Elektronikoaz Blai" programaren barnean, EHUk jakinarazi duenez.

Jarduera ludiko eta hezigarri hori Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batxilergoko ikasleei zuzenduta egongo da, eta Fakultateak bertako irakaskuntza laborategiak erabiltzen utziko die. Ekimen honen helburua ikasleengan zientzia honenganako arreta piztea da, baita bertako instalazioak eskaintzea ere, belaunaldi berriak fisikak egungo munduan duen oihartzunaz jabetu daitezen.

Batxilergoko 152 ikaslek hartuko dute parte Idoia Garcia de Gurtubay irakasleak koordinatutako deialdi honetan. Ikasle horiek 36 ikastetxetatik etorriko dira. Guztira 96 ikaslek egingo dute jarduera euskaraz, eta gainerakoek gaztelaniaz. Goizeko eta arratsaldeko taldetan banatuta egongo dira, eta binaka egingo dute lan laborategiko lau praktiketan.

"Fisika mikrouhin labean" moduluan, ikasleek fisika pixka bat "prestatuko" dute mikrouhin labean. Lehen errezetaren edo esperimentuaren bidez, mikrouhin labeen segurtasuna egiaztatu ahal izango dute, uhinek labetik "ihes" egiten duten aztertuz. Bigarren errezetan, mikrouhinean objektu metalikoak erabiltzeak dituen ondorioak behatuko dituzte. Azkenik, gomazko gozokien errezeta erraz baten bidez argiaren abiadura zehatz dezaketela ikusiko dute.

"Difrakzioa, CDak eta espektroak" izeneko praktikan, ikasleek argiaren uhin izaeraren alderdi interesgarri bat aztertuko dute, eta ezagutza hori etxeko materialekin (CDak edo DVDak) espektroskopio bat sortzeko erabiliko dute. Hala, mundu mikroskopikoaren propietate batzuetara gerturatu ahal izango dute.

INDUKZIO ELEKTROMAGNETIKOA

"Motor elektrikoa" kapituluan, elektromagnetismoaren funtsezko lege bat landuko dute, hain zuzen ere, egungo teknologiaren motorretako bat bihurtu dena: indukzio elektromagnetikoa. Gure inguruko teknologiaren %70 indukzio elektromagnetikoaren legean oinarrituta dagoela esan ohi da.

Lege horrek aplikazio ugari ditu. Indukzio elektromagnetikoaren legea ulertzeko zenbait esperimentu aurkeztuko dizkiete ikasleei, baita garrantzi teknologiko handia duen indukzioaren aplikazioetako bat ere: motor elektrikoak. Korronte zuzeneko motorrak (edonork egin ditzake etxean, esfortzu handirik gabe) eta indukzio motorrak (esaterako, garbigailuen barnean aurki daitezkeenak; bertako ura ponpatzea dute helburu) aurkeztuko dizkiete.

"Fisika hutsean" moduluan, ikasleek presio atmosferikoak eguneroko objektuen portaeran duen eragina aztertuko dute. Horretarako, objektu horiek presiorik gabe, huts egoeran, duten portaera behatuko dute. Besteak beste, hutsean paper zatitxo bat metalezko bola baten abiadura berean erortzen dela ikusiko dute; baita hutsean soinua ez dela hedatzen ere (argia bai ordea). Horrez gain, airean pisu bera dutela diruditen gorputzek hutsean pisu desberdina dutela eta giro tenperaturan ura irakin daitekeela ikusiko dute.

Ikasleek aipaturiko lau proposamenetatik hiru burutuko dituzte, eta, ondoren, Zientzia eta Teknologia Fakultateko fisikako ikerketa laborategi bat eta ingeniaritza elektronikoko beste bat bisitatuko dituzte.