EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak Espainiako Olinpiadarako ordezkariak hautatuko ditu

Actualizado: viernes, 2 marzo 2012 11:41
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateak, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialarekin, Espainiako Biologia Olinpiadarekin eta EHUrekin batera, Biologiako VI. Olinpiadako fase autonomikoa antolatu du, eta otsailaren 11n proba teorikoa egin ondoren, larunbat honetan, martxoaren 3an, 10:00etan hasita, proba praktikoa egingo dute Euskadiko batxilergoko bigarren mailako hamar ikasle onenek, Leioako campusean. Lehiaketa honetako finalistek gainditu dute dagoeneko batxilergoko lehen eta bigarren mailetako edukiei buruzko proba teknikoa.

   Antolatzaileek adierazi dutenez, proba praktiko honetan, ikasleek biologiari, biokimikari eta genetikari loturiko ariketak egin beharko dituzte laborategian; animaliak disekzionatu edo, lupa eta mikroskopioekin, landareen zatiak edo prestaketa baten ehunak identifikatu, adibidez. Lehenengo hiru sailkatuek Euskadi ordezkatuko dute martxoaren 22tik 25era Murtzian egingo den Olinpiadaren Espainiako Fasean.

   Biologiako Olinpiaden helburua batxilergoko ikasleak zientzia honen garapenean akuilatzea eta inplikatzea da eta, horrekin batera, gaur egun duen garrantzia nabarmentzea, horren aurrerabidea eta hedapena bultzatuta. "Egungo eta etorkizuneko erronka zientifikoei arrakastaz aurre egin ahal izateko, ezinbestekoa da ikasle belaunaldi berriek prestakuntza biologiko ona izatea, eta beharrezkoa da biologia arloan azterketak eta ikerketak egiteko bokazio berriak ager daitezen sustatzea", Ana Isabel Puente irakasleak dioenez; Puentek jardun du, Beñat Zaldibarrekin batera, jarduera koordinatzeko lanetan.

   EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak eta Biologiako Olinpiadaren antolakuntza taldeak hiru ikasle irabazleak sarituko dituzte; diploma bana emango zaie eta, martxoaren 22tik 25era Murtzian egingo den Olinpiadaren Espainiako Fasean parte hartu ahal izan dezaten, bertara joateko bidaiaren, ostatuaren eta otorduen gastuak ordainduko zaizkie.