EHUren Arkitektura ikasleek Bermeoko Alde Zaharreko orube hutsetan proiektuak landuko dituzte

EHUren Arkitekturako irakasleak joan den astean izan ziren Bermeon
BERMEOKO UDALA
Actualizado: miércoles, 25 enero 2017 12:58

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Arkitektura Eskolako 120 ikaslek Bermeoko Alde Zaharreko 19 orube hutsetan proiektuak landuko dituzte otsailetik maiatzera, Beruala sozietate publikoak eta EHUk aurki sinatuko duten hitzarmen bati esker, Irune Ormaetxea Bermeoko Udaleko Hirigintza zinegotziak jakinarazi duenez.

Horrela, joan den urtarrilaren 18an, EHUren Donostiako Arkitektura Eskolako zazpi irakasle Bizkaiko udalerrian izan ziren Alde Zaharra ezagutzeko eta bertan dauden 19 orube hutsak ikusteko. Era berean, asteazken honetan, Santi Murua Berualako zuzendaria eta Jon Goitia Berualako arkitektoa Donostiara joan dira proiektua ikasleei azaltzera, eta otsailaren 1ean, Arkitekturako 120 ikasleak Bermeora joatea aurreikusita dago, goiz osoan orubeak ikusteko eta proiektuak egiteko beharrezkoak diren datuak hartzeko.

Ormaetxeak argitu duenez, "proiektu hauek ez dute inolaz ere orubeen jabeei ezertara behartuko". Ikasleen proiektuen artean aukeraketa bat egingo da, eta proiektu irabazleekin erakusketa bat antolatuko da Bermeon.

Hirigintza zinegotziak azaldu du ekimena Alde Zaharra biziberritzeko Bermeoko Udala ematen ari den pausoetako bat dela. "Hainbat ekimen egin ditugu jadanik, besteak beste, Hurtado de Mendozako gune hutsaren berreskurapena partaidetza prozesu baten bidez, Alde Zaharreko lore lehiaketa, kaleko artearekin muralak margotu, 'food truck' eta lokal hutsen egoera aztertzea. Orube hutsetan Arkitektura ikasleek bere proiektuak lantzea beste pauso bat da Alde Zaharra indarberritzeko lan horretan", azpimarratu du.

Ormaetxeak "oso interesgarri" deritzo EHUrekin elkarlanean honelako proiektu bat martxan jartzea, "ikasleek proiektuak lantzeko eta ikasteko aukera ona izango dutelako eta, aldi berean, euren lanen bidez orube horiei ematen zaien irtenbide ezberdinak ikusteko aukera izango dugulako".