Eibarren izango da Beldur Barik topaketa, abenduaren 2an

Beldur Barik 2017 topaketa aurkeztu dute
EMAKUNDE
Actualizado: jueves, 23 noviembre 2017 13:55

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

Eibarren (Gipuzkoa) egingo da 2017ko Beldur Barik topaketa, abenduaren 2an. Urte osoan zehar euskal geografia osotik gazteekin garatutako lanari amaiera emateko balioko du topaketak, eta 12-26 urteko gazteei zuzenduriko Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren sariak banatuko dira bertan. Ezberdintasun egoerei aurre egiteko errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukidetasunean eta indarkeria sexistaren ukapen irmoan oinarritutako jarreren ikus-entzunezko adierazpenak saritzen dira.

Topaketa aurkezteko agerraldia izan da ostegun honetan, Eibarreko udaletxean, eta Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak, Eibarreko alkate Miguel de los Toyosek, Arabako Aldundiko Nekane Zeberiok, Gipuzkoako Aldundiko Miren Elesgarretak eta Bizkaiko Aldundiko Maria Guijarrosek parte hartu dute.

Beldur Barik gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko helburua duen urteroko programa da. 2009an jarri zen abian Emakundek eta Eudelek bultzatuta, Berdinsarea Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarearen esparruan. Egun, Emakundek bultzatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta Eudelen babesa eta finantziazioa jasotzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EiTBren laguntza du.

Edizio honetan 62 udalerritako 371 lan aurkeztu dira Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketara. 275 lan lehen kategoriakoak dira, 12-17 urtekoena, eta 18-26 urtekoen kategoriara 96 lan aurkeztu dira. Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dira: 500 euroko lehen saria eta 300 euroko aipamen berezia.

Horiez gain, beste bi sari ere banatuko dira. Programaren webgunean egingo den herri bozkaketarekin Herria Saria aukeratuko da eta 300 euroko saria jasoko du. Halaber, aurten ere ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratuko da 300 euroko sariarekin. Era berean, nabarmentzekoa da tokian tokiko Beldur Barik lehiaketa ugari antolatu direla.

DESBERDINTASUN FAKTOREAK

Aurkeztutako lanetan ikusi da gazteek "gero eta hobeto" identifikatzen dituztela indarkeria sexista eragin dezaketen desberdintasun faktoreak eta hauei aurre egiteko jarrera agertzen dutela.

Aurten jorratutako gaiak oso anitzak izan dira. Zenbait gai hurrengoak izan dira: beldurraren pertzepzioa (gai hau udalerri askotako jaietan Beldur Barik Gunearen programaren bidez jorratu den gaia izan da), edertasun arauak, gizarteratze desberdindua, maitasun erromantikoa, gorputzen dibertsitatea eta ahalduntze kolektiboa.

Beldur Barik bultzatzen duten erakunde guztiek nabarmendu dute gazteekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzearen garrantzia. Gazteengan indarkeriak eragin handia izaten jarraitzen duen arren, gero eta tresna gehiago dituzte erasoak identifikatu ahal izateko.

"Beldur Barik bezalako programek laguntza eskaintzen diete gazteei indarkeria sexistaren identifikaziorako tresna horien eskuratzeko. Gazteen jabekuntza eta indartze prozesuak errazten dituzte, eta, gainera, ezberdintasun eta indarkeria egoeren aurrean erantzuteko gaitasuna indartzen dute. Nesken ahalduntzea bultzatzen da eta ere berean hausnarketa prozesu horiekin, mutilek egoera horietan duten protagonismoa eta ardura identifikatzen dute", azaldu dute.

Gainera, "jarrera matxista betikotzen duen korporatibismo maskulinoari aurre" egiten dietela nabarmendu dute, eta indarkeria eragiten duenaren gaineko interpelazioaren beharra identifikatzen dela, beren konplizitate eza agertuz. "Mutil bezala dituzten pribilegioen birplanteamendu bat egiten dute eta neskekin aliantzak sortzen dituzte benetazko berdintasun bat lortu eta indarkeria matxista gainditzeko", gaineratu dute.

TOPAKETA

Horrela, abenduaren 2an Eibarren ospatuko den topaketan, eztabaidak, formakuntza tailerrak eta ikuskizun ugari izango dira. Tailerrak Portalean izango dira eta sari banaketa Coliseon. Doako autobusak erraztuko dira publikoa Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik inolako arazorik gabe hurbildu eta bueltatu ahal izateko. Honako helbidean egin daitezke eskaerak: http://beldurbarik.org/es/topaketa-formulario

Bestalde, larunbateko Emakumearenganako Indarkeriaren Ezabatzearen aldeko Nazioarteko Eguna ospatzeko, Beldur Barik programa bultzatzen duten instituzioek herritarrak animatu dituzte puntu lila erabiltzera eta antolatzen diren ekitaldietan parte hartzera. "Ikurra publikoki erakusteak oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza duen indarkeriaren aurkako konpromiso aktiboa agertzea suposatzen du", adierazi dute.