EiTBk Korrika 19 sustatuko du bere hedabide guztietan

Mugika eta Iturbe, hitzarmena sinatu ondoren
Foto: EITB
Actualizado: martes, 17 febrero 2015 14:31
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Euskal Irrati Telebistak (EiTB) eta Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) lankidetza hitzarmena sinatu dute astearte honetan, otsailaren 17an, martxoaren 19tik 29ra bitartean ospatuko den Korrika 19ren inguruan.

   Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak eta Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak, ituna sinatzerakoan, euskararen alde indarrak batzeak duen garrantzia azpimarratu eta lankidetzan jarraitzeko borondatea agertu dute.

   Itunari berari dagokionez, euskararen aldeko lasterketa sustatuko du EiTBk bere hedabide guztietan, eta, horrez gainera, EiTBren logoa Korrikaren euskarri guztietan agertuko da babesle gisa.

   Bestalde, ETBk korrikaren inguruan berri emango du egunero, programa zein albistegietan, eta martxoaren 19an, gainera, Urepeletik irteera ETBn eta eitb.eus webgunean zuzenean ikusi ahal izango da.

   Korrika Kulturaren baitan antolatutako ikuskizunek ere izango dute zabalkundea. Datorren igandean, otsailaren 22an, "Gu euskahaldunak gara" dokumentala emango da ETB1en. 19 pertsona esanguratsu agertzen dira, euskal gizarteko esparru ezberdinetan erreferentziazkoak direnak.

   Peru Magdalenak aurkeztuta, 38 minutuz euskararen eta euskalgintzaren iraganaz, geroaz eta berreskurapenaz dihardute Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohiak, Kirmen Uribe idazleak, Maite Arroitajauregi Mursego musikariak edo Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak, besteak beste.

   EiTBko irratiek ere euskararen aldeko lasterketaren ibilbidearen nondik norako guztiak jasoko dituzte. Horrez gain, kultur ekintzei erreparatuko diete, orain arte egin duen bezalaxe. Bestalde, eitb.eus webguneak, Gaztearen web orritik abiatuta iritsi daitekeen atari berezia prestatu du Korrikaren jarraipena egiteko. Bertan izango dira Korrikaren inguruko bideo, zuzeneko eta berri guztiak.