EiTBk eta Korrikak lankidetza berritu dute

Korrikaren inguruko akordioa berritu EiTBk eta AE·K-k
EITB
Actualizado: lunes, 30 enero 2017 14:35

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Euskal Irrati Telebistak (EiTB) eta Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) Korrikaren inguruko bien arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute astelehen honetan Bilbon, eta horrela, EiTB Korrikaren bidelagun izango da beste behin.

Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusia, Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusia eta Asier Amondo Korrikaren arduraduna bat etorri dira euskararen aldeko lasterketari zabalkundea emateko itun honek duen garrantzia azpimarratzerakoan.

Itunaren ildoari jarraituta, 20 urte betetzen dituen euskararen aldeko lasterketaren sustapena egingo du EiTBk bere hedabide guztietan, eta, horrez gain, EiTBren logotipoa Korrikaren euskarrietan agertuko da babesle gisa.

Halaber, datorren ostegunean, otsailaren 2an, "BatZuk. Euskararen lau aurpegi" dokumentala estreinatuko da EiTBren Bilboko Multibox aretoan. 20. Korrikarentzat AEK-k eta Hiru Damatxo Ideia Faktoriak egindako ikus-entzunezkoa da, eta lau protagonista ditu: Maika, Dani, Elena eta Ander euskaldun berriak.

Maika Etxekopar antzerkilari, kantari eta musikari zuberoarra da; Dani Alvarez EiTBko kazetari galiziarra, aspaldian Bilbon bizi dena; Elena Caballero, La Basu, Euskal Herriko emakumezkoen raparen ikur nagusia da, eta Ander Larunbe, erdi eskoziar erdi iruinsemea, ezaguna da Iruñeko hainba eremutan egin duen lanagatik.

"Euskaraz bizi den jendea, edo euskarara hurbildu dena, masa homogeneo izatetik urrun, kolore eta ñabardura askotako multzoa da, eta aniztasun horren argazki bat da dokumental hau", azaldu dute.

BERRI ZEHATZA

Halaber Korrikak Otxandiotik Iruñera egingo duen bidearen berri zehatza emango dute egunero EiTBko hedabideek (ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta Gaztea), programa zein albistegietan. Korrika Kulturalari ere jarraipena egingo zaio.

Beste eduki berezi batzuen artean, ETB1eko "Burubero" lehiaketak aste berezia eskainiko dio Korrikario martxoaren 27tik 31ra bitartean (19:00etatik 20:00etara), eta bilduko den dirua Korrikarentzako izango da.

Lehiakideak ere bereziak izango dira. Korrikaren historian abestiak egin edo kantatu dituztenak parte hartuko dute, Korrikarekin harreman estua izan dutenak, alegia, eta, besteak beste, Xabi Solano, Ixiar Oreja, Ines Osinaga eta Iñaki Ortiz de Villalbak parte hartuko dute.

Bestalde, eitb.eus webguneak atari berezia prestatu du Korrikaren jarraipena egiteko eta Gaztea irratiaren web orriaren bidez sartu daiteke bertan. Korrikaren inguruko bideo, zuzeneko eta berri guztiak bilduko dituzte orrialde horretan.