EiTBk ikastolen jaiak babestuko ditu aurten ere

Koldo Tellitu eta Maite Iturbe akordioa sinatu ondoren
EITB
Actualizado: miércoles, 26 abril 2017 12:55

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Euskal Irrati Telebista (EiTB) ikastolen jaietan egongo da aurten ere eta festen zabalkundea egingo du irrati, telebista eta internet bidez. Izan ere, EiTBk eta Ikastolen Elkarteak bien arteko lankidetza hitzarmena berritu dute asteazken honetan. Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak izenpetu dute akordioa.

Modu honetan, EiTBk irrati eta telebistan emango ditu ikastolen jai ezberdinak iragartzeko egingo diren bideoklipak. Horrez gain, Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinezen jarriko dituen gunetik emango dute berri EiTBko irratiek. ETBko albistegiak ere ikastolen jaietan izango dira jazotzen den guztia kontatzeko. Gainera, Hiru3 klubak ere bere txokoa izango du eta ekintza bereziak antolatuko ditu gaztetxoenentzat.

Lehenengo jaia Herri Urrats izango da, maiatzaren 14an, Senpereko lakuan. Ondoren Bizkaiko Ibilaldia helduko da, maiatzaren 28an, Mungian, eta jarraian Araba Euskaraz Bastidan, ekainaren 18an. Irailaren 24an Kilometroak ospatuko da Oñatin, eta azkenik, urriaren 15ean Nafarroa Oinez Lesakan.

Bestalde, EiTBk presentzia izango du aurrerantzean 'Ikastola' aldizkarian, paperezko edizioan zein euskarri digitalean bere edukien berri emateko.