Ekoizpen zientifikoa hirukoiztu egin da EAEn azken hamar urteetan

Actualizado: jueves, 20 octubre 2016 13:51

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekoizpen zientifikoa hirukoiztu egin da hamar urteren buruan, eta 2015ean, EAEko argitalpen zientifikoak Espainiako Estatu osoko argitalpen zientifikoen %6,55 izan ziren. Gainera, hamarkada eskas batean, EAEren pisu erlatiboa 2,6 puntu portzentual gehitu da.

Ikerbasque Fundazioak ostegun honetan aurkeztu duen "Zientzia Euskadin 2016" txostenaren emaitzetako batzuk dira. Txostenak Euskadiko emaitza nagusiak biltzen ditu, ikerketa arloko langileei, zientziaren finantzaketari, emaitza zientifikoei eta transferentzia teknologikoari dagokienez, Ikerboost Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak monitorizatutako 47 adierazleen bidez.

Ikerbasquek jakinarazi duenez, munduko ekoizpen zientifikoa etengabe hazi da azken urteetan, baina, gero eta hazkunde txikiagoko urte batzuren ondoren, 2015ean, Scopus datu basean indexatutako argitalpenen kopurua aurreko urtekoa baino dexente txikiagoa izan da.

EAEren Estatu barruko zein mundu mailako pisu erlatiboa etengabe gehituz joan da azken hamarkadan, hazkunde tasa handiagoei esker. Nolanahi ere, Euskadi ez dago joera orokorraren eraginetik kanpo, eta guztizko ekoizpen zientifikoaren hazkundea moteldu egin da.

Horrela, joan den urtean, Euskadiko ekoizpen zientifikoa Espainiako Estatu osoko ekoizpen zientifikoaren %6,55 izan zen, eta hamarkada eskas batean, Euskadiren pisu erlatiboa 2,6 puntu portzentual gehitu da. EAE bosgarren postuan dago ekoizpen absolutuari dagokionez, baina seigarrenean per capita argitalpenetan. Halaber, laugarren autonomia erkidegoa da bikaintasunezko argitalpenetan (gehien aipatutako argitalpenen %10aren barruan), ICONO-FECYTen datuen arabera.

Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoaren esanetan, "Euskadi dugu I+G jardueretan BPGaren %2 baino gehiago inbertitu zuen autonomia erkidego bakarra, eta gastu horren %14,95 oinarrizko ikerketara bideratu da; horra hor emaitza horien zergatia".

Gainera, ekoizpen zientifikoaren hazkundearekin batera, nazioarteko lankidetza areagotu eta argitalpenen arloko lidergoari eutsi zaio. Horren ondorioz, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoaren iritziz, zientzia sistema ikerketaren kalitatea kaltetu gabe hazi dela esan daiteke.

Halaber, 2015an, Euskadiko argitalpenen %52,72 beste herrialde batzuetako erakundeekiko lankidetzaz landu zen, eta Amerikako Estatu Batuak eta Europako zientzia ekoizle nagusiak (Erresuma Batua, Alemania, Frantzia eta Italia) dira Euskadin ikertzen diharduten pertsonekin lankidetza harreman handienak dituzten herrialdeak.

Sektorekako ekoizpenari begiratuta, EAEko zientzia ekoizpen osoaren %60 inguru unibertsitateei dagokie, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) buru dela, indexatutako 2.859 argitalpeneko ekarpena egin baitzuen 2015ean, eta jarraian osasun arloko ikerketa eta zentro teknologikoak daude. Azken urteetan, euskal zientzia sisteman gero eta garrantzi handiagoa duten (%17 inguru, gaur egun) eragile berriak agertu dira (BERC zentroak eta IKZak).

12.000 IKERTZAILETIK GORA

Bestalde, 2014an -ordukoak dira bildutako azken datuak-, hazkundea gertatu zen Euskadin ikerketa eta garapen arloko zereginetan diharduten profesionalen kopuruan, eta horren ondorioz, lehendabiziko aldiz, 12.000 ikertzailetik gorakoa izan da lanaldi osoaren baliokidetasunean (LOB). Hazkunde honen gainean, oso balorazio berezia egin da egungo testuinguru sozioekonomikoari erreparatuta.

Generoaren ikuspegitik aztertuta, doktorego tesiak defendatzen dituzten gizonen eta emakumeen ratioak antzekoak diren arren, askoz ere txikiagoa da ikertzaile karrera finkatzen duten emakumeen kopurua. Euskadiko ikertzaileen artean, emakumeen portzentajea %35 ingurukoa da 2004tik, eta azken hamarkada honetan ez da aldaketa handirik izan kontu honetan.

Ikerboost Euskal Zientzia eta Teknologiaren Behatokiak, EAEn, Estatuan eta nazioartean kontrastatutako informazio iturrien araberako adierazleak bildu ditu, euskal komunitate zientifikoa karakterizatu eta beste herrialdeetakoekin kualitatiboki nahiz kuantitatiboki konparatzeko aukera errazteko asmoz.

"Zientzialariek aldizkari espezializatuetan argitaratzen dituzte ikerketetako emaitzak, beste ikertzaileekin batera partekatzeko; Ikerbasqueko Behatokiak argitalpen horiek guztiak monitorizatzen ditu, ale kopurua, nazioarteko eragina eta gaien araberako espezializazioa bezalako alderdiak aztertuz", Fernando Cossiok azaldu duenez.