Ekonomia berdea ETEentzat negozio aukera dela dio Eusko Jaurlaritzak

Actualizado: miércoles, 1 octubre 2014 12:56

BILBO, 1 Oct. (EUROPA PRESS) -

Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak adierazi du ingurumenari aplikatzen zaion teknologiak ingurunea hobetzen duela, negozioa sortzen duela eta baldintza sozial hobeei laguntzen diela. Gainera, ekonomia berdea deritzona enpresa txiki eta ertainentzat (ETE) negozio aukera dela nabarmendu du.

Afesa Medio Ambiente enpresara egin duen bisitan egin ditu adierazpenok Oregik. Bizkaiko ETE horri orain dela gutxi Europako Ingurumen Saria eman diote, Garapen Jasangarrirako prozesuaren kategorian, sufre hexafluoruroa duten ekipamendu elektrikoak birziklatzeko beste modu bat sortzeagatik. Izan ere, birziklatzeko beste modu hori ingurumen teknologiarekin eta orain arte eskura zeuden teknikak baino abantaila ekonomiko handiagoak dituen teknologiarekin egin dute.

Oregik, Ingurumen sailburuorde Josean Galerak eta Ihobe sozietate publikoaren zuzendari Javier Agirrek gertutik ezagutu nahi izan dute atmosferara egiten diren sufre hexafluoruroaren (atmosfera berotzen duen gasetako bat da eta, horregatik, aldaketa klimatikoa ere eragiten du) emisioak gutxitzeko Afesa Medio Ambiente enpresak egindako proposamen berritzailea.

Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko taldea Zamudion izan da bisitan, enpresaren instalazioetan. Bertan, proiektu irabazleari buruz Afesako presidente Jesús María Blancok, Afesako gerente Jon Viterik eta Iberdrolako Jasangarritasunaren zuzendari Angel Gómezek eskaini dizkieten xehetasunak entzun ditu.

Oregik nabarmendu du Afesako esperientziak eta "enpresak ingurumen politika aurreratuekiko duen konpromisoak" ekarri duela "ekoberrikuntzak negozio bide berriak irekitzea". "Gainera, negozio bide horiek gizartean ondorio positiboak sortzen laguntzen dute, berotegi efektuko gasen emisioa gutxitzen baitute eta baliabideak modu eraginkorrean erabiltzen baitituzte. Era berean, hondakin arriskutsu gutxiago sortzen dira", azaldu du.