ELAk bilkura deitu du astelehenerako Bilbon, ustelkeria politikoa salatzeko eta demokrazia aldarrikatzeko

Actualizado: jueves, 31 enero 2013 13:10

BILBO, 31 Ene. (EUROPA PRESS) -

ELAk elkarretaratzea deitu du datorren astelehenerako, otsailaren 4rako, goizeko 11:30ean, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaordetzaren aurrean, Bilboko Moyua Plazan, PPk zuzentzen duen Espainiako Gobernuak dituen erantzukizun politikoak berehala garbitzea eskatzeko, ustelkeria politikoa salatzeko eta demokrazia aldarrikatzeko.

Sindikatuak prentsa ohar bidez azpimarratu duenez, sarri salatu du "politikak kapitalarekiko duen menpekotasuna" eta egiten ari den murrizketen "agenda lazgarria". "Kritika egin dugu ustelkeria maila desberdinak daudelako, eta hori ez delako anekdota. Aitziti, gure ustez gertatzen ari den guztiaren zergatia egiturazko errealitate bat da. Krisia ez da soilik auzi sozial eta ekonomiko bat: politikari eta demokraziari berari eragiten dio", salatu du.

Horrela, ELAren arabera, PPren diruzaintzaren inguruan ostegun honetan egunkari batean argitaratu diren informazioak "frogatzen du Gobernuaren erabakiekin etekina lortu duten enpresek PPri zerbitzuak ordaindu egiten dizkiotela, eta honek, berriz, bere zuzendaritzako eliteari".

"Horrela pilatu dira urte askotan espainiar estatuko fortuna handiak, eta ordain horiek jaso dituen arduradun politiko batek ere ez luke bere karguan jarraitu beharko, ezta minutu bat gehiago ere", gaineratu du.

"Gutxieneko maila demokratikoa duen estatu batean halako gertakari larriak egonez gero", gobernuak dimisioa emango lukeela eta ardurak garbitzeko ikerketa judizial independente bati ekingo lioketela ziurtatu du ELA, eta, hain zuzen ere, horixe da exijitu duena. "Ezin da beste aldera begiratu ikusten ari garena ikusirik: deskonposizio politikoa, gainbehera demokratikoa, eta kapitalak klase politikoa eskubide sozial eta laboralak suntsitzeko erabiltzea", azaldu du.