Elebide zerbitzuak 289 kexa jaso zituen iaz, 283 euskara erabiltzeko eskubidearekin loturik

Elebide zerbitzuaren 2017ko memoria
IREKIA
Actualizado: miércoles, 18 julio 2018 13:14

Jaurlaritzako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak 346 intzidentzia jaso zituen guztira, 2016an baino 230 gutxiago

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak 289 kexa erregistratu zituen 2017an, eta horietako 283tan (%98) urraketa euskara erabiltzeko eskubidearekin loturik egon zen. Beste sei kasuetan, eskubide urraketa gaztelaniarekin lotuta egon zen. Kexa guztien %83 esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak ziren (241 kexa), eta %17 esparru pribatuari zegozkion (48 kexa).

Eusko Jaurlaritzak Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2017ko memoria onartu du aste honetan. Horrela, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak jakinarazi duenez, 2017an hizkuntza eskubideen urraketekin loturiko 346 intzidentzia erregistratu ziren, aurreko urtean baino 230 gutxiago.

Elebide 2007an jarri zen abian eta helburua da hala eskatzen duten herritarrei beren hizkuntza eskubideak babesten laguntzea, informazioa eta aholkularitza eskainiz. 2015ean eta 2016an intzidentzien kopurua nabarmen hazi bazen ere (789 eta 576, hurrenez hurren), orokorrean egonkor mantendu da urteko intzidentzien kopurua.

2017an Elebiden izapidetu ziren intzidentzien %86 kexak izan ziren (herritarrek uste izan dute hizkuntza eskubideak urratu zaizkiela), eta gainerakoak kontsultak (2), iradokizunak (4) edo eskaerak (29) izan ziren.

Kexa guztien %83 (241 kexa), esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak izan ziren, eta %17 (48 kexa), esparru pribatuari zegozkion. Herri administrazio eta erakundeen kasuan, aurkeztutako kexen %53 Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) sektore publikoari zuzendu zitzaizkion, eta guztira 127 kexa izan ziren, 2016an baino 148 gutxiago.

Kexa hauen artean, 39 Jaurlaritzaren aurka izan ziren, eta 88 Jaurlaritzaren erakunde eta sozietate publikoen kontra. Entitate publiko hauen aurkako kexei dagokienez, 64 Osakidetzaren aurka izan ziren (2016an 208 izan ziren), eta hamar Lanbideren aurka.

Jaurlaritza eta haren menpeko entitateez harago, foru administrazioei 22 kexa zuzendu zitzaizkien, toki administrazioei 51, Estatuko administrazioei 25 eta bestelakoei 16 (normalean erakunderen baten baino gehiagoren menpe dauden entitateak dira hauek, hala nola Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoa, BEC edo Metro Bilbao).

Esparru pribatuan jasotako 48 kexak honela banatu ziren: zerbitzu orokorretan 14 kexa, merkataritzan 11, kultura eta aisialdian 10, finantza eta aseguruetan bost, irakaskuntzan bi, ostalaritzan bat eta gainerako arloetan bost. Esparru pribatuan irabazi asmorik gabeko erakunde zein elkarteak eta jarduera profesionalei lotutako erakunde eta enpresak hartu dira kontuan.

Kexak onartzeko orduan kontuan izan dira arlo pribatuko hizkuntza eskubideak bermatze aldera argitaratu ziren abenduaren 22ko 6/2003 Legea -Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua- eta uztailaren 1eko 123/2008 Dekretua -Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretua-, horietan ezartzen baita zein erakunde edo enpresa dauden legez behartuta eta zein hizkuntza eskubide bermatu behar dituzten.

KEXA MOTAK

Iaz Elebiden izapidetu diren 289 kexak lau multzo nagusitan sailkatzen dira: idatzizko harremanetan gertatzen diren urraketak, ahozko harremanetan izaten direnak, hizkuntza paisaian antzeman daitezkeenak eta Internet eta sare sozialetan ikus daitezkeenak.

Idatzizko harremanei erreparatuz, 108 kexa jaso ziren, kasu gehienetan salatzeko erakundeek gaztelania bakarrik erabili zutela herritarrekiko harremanetan. Ahozko harremanei dagokienez, 42 kexa izan ziren; horietan herritarrek nagusiki adierazi zuten euskaraz artatuak izateko eskubidea urratu zaiela.

Halaber, 27 kexatan salatu zuten hizkuntza eskubideak bietara urratu zirela, hau da, ahoz zein idatziz. Hizkuntza paisaiarekin loturiko kexak 84 izan ziren. Kexa horiek gehienbat erreferentzia egiten zieten bideetan eta jendaurrean gaztelania hutsean jarritako kartelei, kale zein laneko seinaleei, eta trafiko seinaleei. Bost kasutan salatu zen erakunderen batek urraketa egin zuela, bai herritarrekiko harremanetan bai hizkuntza paisaian. Azkenik, Internet eta sare sozialetan izandako arau urraketak 23 izan ziren, 2016an baino bi gehiago.

INTZIDENTZIEN EGOERA

Elebidek joan den urtean izapidetutako 334 intzidentzietatik, 328 itxita zeuden aurtengo udaberrian: 317 kasutan herritarrari helarazi zaio erakunde urratzaileak bidalitako informazioa, eta gainerako 11 kasuetan intzidentziaren itxiera, erakundearen erantzunik jaso ez baita. Aitzitik, sei intzidentzia itxi gabe daude eta euren bidea egingo dute 2018an zehar.

Kexen kasuan, 283 itxita daude, eta gainerako sei izapidetzetan lanean ari da zerbitzua. Kontsulten kasuan, jasotako 12ak itxita zeuden urte amaieran, Elebidek kontsulta bat jasotzen duenean, hori aztertu eta informazio gehigarria eskuratzen baitu, halakorik behar izanez gero. Txostena egindakoan, eskatzaileari helarazten zaio eta intzidentzia itxi egiten da. Izapidetutako lau iradokizunei dagokienez, laurak itxita daude.

Kexei erreparatuz, hiru kasu gerta daitezke: kexak irtenbide egokia izatea, alegia, konpontzea edo konponbidean egotea; kontrakoa, irtenbiderik ez izatea, herritarra erantzunarekin pozik ez geratzea edo erakundeak ez erantzutea; eta, azkenik, izapideen ondorioz, indarrean dagoen araudiari erreparatuta, urraketarik ez dela egon ondorioztatzea.

Iradokizunaren hartzaile den erakundeari helarazten dio herritarrak azaldutakoa, horren inguruan hausnarketa egin eta erantzun edo txosten bat presta dezan. Elebidek, erantzun edo txosten hori jaso bezain laster, herritarrari jakinarazten dio, eta, herritarrek kontrakorik esan ezean, intzidentzia itxi egiten da. 2017. urtean, 29 eskaera erregistratu ziren; guztiak itxita daude. Beraz, arau urraketa egon dela ondorioztatutako 260 kexa horietako %89k irtenbide egokia izan du.

NOLA AURKEZTU

Intzidentzia guztietatik 224 webgunearen bidez aurkeztu ziren (%65), eta 109 posta elektronikoaren bidez (%31). Guztira, herritarren %96k bide telematikoen alde egin zuten, eta gainerako %4k bestelako bideak erabili zituen. Bide ez telematikoei dagokienez, zazpi intzidentzia aurkeztu ziren telefonoz, 2016an bezala, eta bi posta arruntez, aurreko urtean baino 15 gutxiago. Horrez gain, lau intzidentzia aurkeztu ziren Eusko Jaurlaritzako Zuzenean zerbitzuaren bidez.

2017an zehar Elebidera jo zuten herritarren %92k euskara erabili zuten zerbitzu honekin harremanetan jartzeko (318 herritar), eta beste %8k gaztelania (28 herritar). Azken kasu horietatik, zazpi hizkuntza eskubideen araudiaren inguruko kontsultak izan ziren, eta beste 21, kexak (nahiz eta 13tan euskara erabiltzeko eskubidea urratu zitzaiela adierazi zuten).

Emakumezkoek aurkeztu zituzten 2017. urtean zehar Elebide zerbitzura zuzendu ziren intzidentzien %21 (74 intzidentzia), eta gizonezkoek %79 (272 intzidentzia).