Elgoibarko Ideko-IK4 zentro teknologikoak %4,3ko hazkundearekin eta 8 milioi euroko diru-sarrerekin bukatu du 2010

Actualizado: martes, 22 marzo 2011 14:50

DONOSTIA, 22 Mar. (EUROPA PRESS) -

Elgoibarko (Gipuzkoa) Ideko-IK4 zentro teknologikoak %4,3ko igoerarekin eta 8 milioi euroko diru-sarrerekin bukatu zuen 2010. urtea. Zenbateko horretatik, 5,2 milioi enpresekin izenpetutako kontratuen bidez garatutako I+G alorreko proiektuetatik etorritakoak izan ziren, eta 2,8 milioi, berriz, hainbat erakunderen laguntzarekin egin ziren ikerketa proiektuetatik etorritakoak.

Inbertsio handia ere egin zen ekipamenduetan, milioi bat euro baino gehiagoko inbertsioa, alegia, Estatuko Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntza baten bidez finantzatuta. Inbertsio hori hiru jarduera-eremutarako izan zen: Ekipamendu Aurreratua Eskakizun Handiko Dinamikarako, Ekipamendu Aurreratua Neurketa eta Saiakuntza ez Suntsitzaileetarako, eta Ekipamenduak Fabrikazio Prozesu Alternatiboetarako.

Zentro teknologikoko arduradunek adierazi dutenez, "emaitza horiek posible izan dira Ideko-IK4ko 101 langileen lanari esker eta lan horren kalitateari esker". Zentro elgoibartarrak 17 doktore ditu bere langileen artean, eta beste hamar doktore izateko bidean daude.

Ideko-IK4 industriako fabrikaziorako eta produkziorako teknologietan aditua den zentro teknologiko bat da, eta bere betebeharra laguntza ematea da enpresa berritzaile eta lehiakorrez osatutako inguru bat modu iraunkorrean gara dadin.

Ikerketaren eremuan garatutako lana osatzeko, lan horren emaitzak ehun sozio-enpresarialera transferitzeko lan handia egin da, industriek eskatutako proiektuak garatuta, finantzaketa publikoarekin zein gabe. Gaur egun, Ideko-IK4 zentroak I+G alorreko lankidetza hitzarmenak izenpetuta ditu makina erremintaren eta mekanizazioaren eremuetan erreferentzia diren hiru enpresarekin, eta trenen sektoreko fabrikazio teknologietara bideratuta dauden enpresekin laugarren bat izenpetzeko azken lanetan dabil.

Nazioartean, zentroak aktiboak diren bederatzi proiektu europar garatu zituen, horietako hirutan lider izanik, eta lau proiektu berri onartu ditu (horietako bi zentroak gidatuko ditu). Espainian eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), berriz, Ideko-IK4k bi proiektu estrategiko berezitan parte hartu zuen 2010ean. I+G alorreko Plan Nazionaleko proiektu batean, Etortek programako bost proiektutan eta Etorgai programako sei proiektutan ere parte hartu zuen.

Bukatzeko, bikaintasun zientifikoa bilatzea eta Ideko-IK4 industriako fabrikazio eta produkziorako teknologien alorrean nazioarteko erreferente izatea IK4-ren barruan dira etorkizunerako estrategian narmentzen diren erronka.

"Horrela ekitaldi bikaina itxi eta ekimenez beteriko urteari hasiera ematen diogu. Ekimen horietako batzuk jada ekintza zehatzetan islatuta daude, esaterako zentroaren 25. urteurrenaren ospakizuna", azaldu dute.