Elhuyar Fundaizoaren Zientzia Udalekuen ateak abaldu dituzte gaur Aiako Harriko Parke Naturalean

Actualizado: jueves, 14 julio 2011 19:06

BILBO, 14 Jul. (EUROPA PRESS) -

Elhuyar Fundazioak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren laguntzarekin antolatutako Zientzia Udalekuetako ateak irekitzeko jardunaldia ospatu da gaur goizean, Aiako Harriko parke naturalean, Oiartzunen, hain zuzen ere. Gainera, zientzialari gazteek entomologiako tailer batean parte hartzeko aukera izan dute.

Ikertzaile baten laguntzarekin intsektuak jaso eta mikroskopio bidez aztertu dituzte, nahiz eta gaurko tailerra adibide hutsa baino ez den izan. egunero izango dituzte zientzia, fisika, kimika, biologia eta geologia tailerrak, besteak beste, horien helburua "aisialdia eta zientzia uztartzea eta gazteei zientzia modu erakargarri eta ulergarrian gerturatzea" delarik, Zientzia Udalekuen arduraduna den Danel Solabarrietak adierazi duenaren arabera.

"Bigarren aldia da Zientzia Udalekuak antolatzen dituela Elhuyarrek eta Eusko Jaurlaritzatik babesten ditugula, horrelako ekimenak gure saileko helburuekin bete-betean baitatoz", adierazi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria den Cándido Hernándezek. Gipuzkoako Hezkuntza ordezkaria den Julen Bengoetxea eta Elhuyar Fundazikoko proiektu-zuzendaria, Josu Waliño, bertaratu dira gaurko jardunaldira, gazteen ekintzetan parte hartzeko aukera izan dute, gainera.

Guztira 12-16 urte bitarteko 150 gaztetxok hartuko dute parte Zientzia Udalekuetan, astebeteko hiru txandatan banatuta. Aiako Harriko Parke Naturalean dagoen Arritxulo aterpetxean hartuko dute ostatu eta handik abiatuta hainbat irteera egingo dituzte.

Gainera, udalekuetan egunero gertatzen denaren berri emango duen webgune bat ireki dute, www.udalekuak.elhuyar.org, hain zuzen ere, bertan gazteek egindako eguneroko ekintzei buruz idazteaz gain, argazkiak ere esekiko dituzte orrialdean bertan aurkitu daitekeen blog batetan.