Elhuyar Fundazioak eta DIPC zentroak On Zientzia Bideo Amateurren II. Lehiaketa antolatu dute

Actualizado: miércoles, 15 junio 2011 15:08

DONOSTIA, 15 Jun. (EUROPA PRESS) -

Elhuyar Fundazioak eta Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak On Zientzia Bideo Amateurren Lehiaketaren bigarren edizioa jarri dute abian, 'Teknopolis' telebista-saioaren barruan.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, zientzia eta teknologiaren inguruko bideoak bidali beharko dituzte parte-hartzaileek. Irabazleak 3.000 euro lortuko ditu, bigarren sailkatuak 2.000 euro eta hirugarrenak 1.000 euro. Izena emateko epea zabalik egongo da 2011ko ekainaren 15etik 2012ko apirilaren 25era.

Publiko mota guztientzako baliagarriak diren zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur eta originalen ekoizpena eta zabalkundea bultzatzea da lehiaketaren helburua. Gaia guztiz askea da: norberaren edo besteren ikerketak, gizartean edo komunitate zientifikoan puri-purian dauden gaiak, norberaren grina zientifikoak edo teknikoak, zientziaren oinarrizko kontzeptuak, zientziaren mugarriak, pertsonaia historikoak, etorkizuneko edo iraganeko zientzia eta abar. Helburua, publiko guztiek ulertzeko moduko aurkezpen erakargarria egitea da.

Adin eta nazionalitate guztietako herritarrek har dezakete parte lehiaketan. Bertakoak edo kanpokoak izan daitezke partaideak, mundu osoko ikerketa-komunitatea barne hartuta. Taldeka nahiz banaka hartu daiteke parte. Partaide guztiek bete behar dute www.onzientzia.tv web-orrian eskuragarri dagoen inskripzio-fitxa. Eremu guztiak nahitaez bete behar dira, eta horietako bat behar bezala betetzen ez bada, partaidea edo taldea lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea du antolakuntzak.

Esan bezala, izena emateko epea 2011ko ekainaren 15etik 2012ko apirilaren 25era bitarte izango da zabalik. Epez kanpo aurkeztutako bideo guztiak automatikoki geratuko dira lehiaketatik kanpo. Bost minutu baino gutxiago irauten duen bideo labur bat aurkeztu behar dute

lehiaketako partaideek, gai zientifiko edo teknologiko bati buruzkoa betiere, euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez.

Bideoak originala, ez-komertziala, telebistan emititu gabea, beste sariketetan saritu gabea, eta, jakina, dibulgatzailea izan behar du. Horretarako, partaideek (indibiduala nahiz taldea) elementu artistikoak, musika, irudiak edo egoki deritzoten bestelako edozein erabil dezakete.

www.onzientzia.tv web-orriaren bidez aurkeztu behar dira bideoak.

Komenigarria da _baina ez derrigorrezkoa_ bideoak 16:9 formatuan egitea; izan ere, horixe da 'Teknopolis' saioaren formatua, eta bideo nabarmenenak eta sarituak programan emititu ahal izango dira.

'Teknopolis'-en emisioak irauten duen hilabeteetan _urritik ekainera_, hainbat pertsonaia ezagunek beren iritziz onena den bideoa aukeratuko dute hilero. Hileroko gonbidatuek aukeratutako bideoak ere programan emititu ahal izango dira. Bideo guztiak www.onzientzia.tv web-orrian jarri eta ikusgai izango dira.

SARIAK

Bideo guztiek kategoria bakarrean hartuko dute parte, eta epaimahaiak hiru sari emango ditu: dibulgaziozko bideo onenaren lehen saria (3.000 eurokoa), bigarren saria (2.000 eurokoa), eta hirugarrena (1.000 eurokoa). Sari-banaketa 2012ko maiatzean izango da, eta 'Teknopolis'-en programa berezi batean izango da ikusgai. Sari-banaketaren ekitaldian ikusgai jarriko dira bideo irabazleak, eta

epaimahaikideek epaiaren berri emango dute.

Ezaugarri aipagarriak dituztela eta bideo batzuek aipamen berezia merezi dutela uste bada, antolaketa-batzordeak haiei sari berezia emateko eskubidea du.

Epaimahaiari dagokionez, antolaketa-batzordearen eginkizuna da bere kideak izendatzea. Epaimahaia bost lagunek osatuko dute, eta 2012ko hasieran jakingo da zein diren. Epaimahaikideek, lehenbiziko aldiz biltzen direnean, lehiaketan parte hartuko duten bideoak puntuatu eta baloratzeko irizpideak ezarriko dituzte.

Nolanahi ere, bikaintasun teknikoa baino gehiago bideoaren dibulgazio-ahalmena eta interesa izango ditu kontuan epaimahaiaren erabakiak. Bestela esanda, gehiago oinarrituko da balorazioa edukian haren estalkian baino. Nolanahi ere, epaimahaikideen erabakia apelaezina izango da. Epaimahaiak eman gabe utz dezake sari horietatik edozein.