eLiburutegiak 27.400 liburu digital eman ditu maileguan bere lehen urtean

Euskadiko Liburutegi Digitialak urtebete
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: miércoles, 25 noviembre 2015 12:58

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

   Euskadiko Liburutegi Digitalak (eLiburutegia) 2014ko azaroaren 26an bere katalogoa ireki zuenetik, eta 12 hilabeteko ibilbidea eginda, 27.438 liburu digital eman ditu maileguan Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkideen artean, eta bere katalogoan 9.268 liburu dituela iritsi da lehen urtebeurrenera. Urte honetan, 9.216 erabiltzaile konektatu dira noizbait plataforma honetara, eta horietatik 7.338 lagunek egin dute maileguren bat on line.

   Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak eta Imanol Agote Kultura Ondarearen zuzendariak liburu digitalen plataforma digitalak bere lehen urtean utzi dituen daturik esanguratsuenak ezagutarazi dituzte asteazken honetan Bilbon. eLiburutegiaren irudi berritua ere aurkeztu dute, bere webgune berrituarekin batera.

   Jaurlaritzako ordezkariek nabarmendu dute orain urtebete abian jarri zenean, 1.500 liburu inguruko katalogoa zuela eLiburutegiak, eta, 12 hilabeteren buruan, 9.268 liburu digital eskaintzen dituela (8.596 gaztelaniaz eta 582 euskaraz), 180 argitaletxetakoak eta 4.849 idazlerenak. Zifra hau Espainiako Kultura Ministerioaren eBiblio zerbitzua kontratatu duten estatuko liburutegi publikoen "batez bestekotik oso goian" dagoela azpimarratu dute (2.000 liburu inguru).

   Halaber, 2015eko amaierarako, eLiburutegiaren erabiltzaileek 10.000 liburuko kopurua gaindituko duen katalogoa izango dute eskura, eta datorren urterako, berriz, 15.000 liburutara hurbiltzea da helburua. "Erreferentziatarako, nabarmentzekoa da AEBetako eta Europako iparraldeko herrialdeetako liburutegi publikoek 10.000 tituluko katalogo digitalak dituztela batez beste. Testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzaren plataforma bakarra da estatuan nazioarteko batez bestekotik gorako katalogoa izango duena", azaldu dute.

   Mailegu digitala sustatzeko, "ebook eskaintza zabala izatea da gako nagusienetakoa". Katalogo zabal horrek, era berean, Euskadiko erabiltzaileei zerbitzu ona eskaintzen die, "mota eta gustu guztietako irakurleek euren intereseko liburuak aurkituko dituztela ziurtatzen baitu".

APUSTU DIGITAL IRMOA

   eLiburutegia abian jarri izana, aro digitalean herritar orok kultura eskuragarri izan dezan Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Publikoen Zerbitzua egiten ari den "apustu digital irmoaren erakusle" da. Halaber, eLiburutegiaren helburua da "Euskadin irakurketa digitalari bultzada emango dion akuilu bihurtzea".

   Eusko Jaurlaritzak epub formatu digitalean dagoen euskal produkzio guztia eskuratu du, euskaraz nahiz gaztelaniaz (1.300 liburu inguru). Gainera, euskarazko edukien eskaintza handitzeko eta katalogoa aberasteko asmoz, euskaraz formatu digitalean (epub) argitaratzen duten Euskadiko argitaletxeen lanak erosteko konpromisoa hartu zuen.

   Une honetan, eLiburutegiak eskuratuta dituen lizentzien kopurua 36.000ra iristen da (2015 guztirako ezarritako 25.000 lizentzietatik oso goian). Eskuratutako lizentzia horiek guztiek 720.000 mailegu ahalbidetzen dituzte, lizentzia bakoitzak 20 mailegu egiteko aukera ematen baitu (36.000 lizentzia x 20 mailegu/lizentziako).

   Ildo honetan, eLiburutegiaren lehen urtean gehien mailegatu den euskarazko liburua Alberto Ladrón Aranaren "Aroitzaren eskuak" (73 mailegu) izan da, eta gaztelaniazkoei dagokienez, Paulo Coelhoren "Adulterio" (82 mailegu).

   Halaber, normala denez, EAEko hiru hiriburuetan egin dira mailegu gehien: Bilbon 3.177, Gasteizen 3.071 eta Donostian 2.243. Gainera, Getxon (1.543), Eibarren (832), Durangon (736), Barakaldon (712), Arrigorriagan (585), Zarautzen (579), Galdakaon (482), Errenterian (466), Irunen (465) eta Leioan (438) ere mailegu kopuru esanguratsuak egin dira.

IRUDI BERRIA ETA WEBGUNE BERRITUA

   Bestalde, Muñozek eta Agotek agerraldi berean jakinarazi dute eLiburutegiak bigarren urteari ekingo diola webgune berrituarekin eta irudi berriarekin. Irudi berria Antton Olariaga ilustratzaileak diseinatu du, eta webgune berria, diseinu eta aurkezpen berria izateaz gain, gailu mugikorretan (tableta eta sakeleko telefonoak) nabigatzeko egokituta dago eta erabiltzaileen iradokizun eta iruzkinak jasotzen hasteko prest dago. Berrikuntza horiez gain, irakurritako liburuen gaineko balorazioa egin ahal izango dute irakurleek.

   Halaber, abenduaren 4tik 8ra, eLiburutegia 50. Durangoko Azokan egongo dela iragarri dute. Horrela, oraindik zerbitzua ezagutzen ez duten udal liburutegietako bazkideek, eLiburutegia erabiltzen hasteko gakoak eskuratu ahal izango dituzte Durangon. Liburutegietan egiten den bezala, eLiburutegiaren standera hurbiltzen den orori bere txartela emango zaio, eta mailegu digitalak egiten hasteko oinarrizko azalpenak eskainiko.

   Gainera, bertaratzen denak unean eta lekuan bertan liburu bat deskargatu eta etxera eraman ahal izango du maileguan, bere gailu mugikorrean hartuta, 21 egunean irakurri ahal izateko. Durangaldeko liburutegi publikoetako langileak arduratuko dira zeregin horretaz.

   Laster, gainera, eLiburutegia euskal diasporara ere hurbilduko da, eta mundu zabalean dauden Euskal Etxeetako bazkideak eLiburutegiko erabiltzaile bihurtzeko aukera izango dute, bere katalogoa eskuragarri izango dute, eta liburuak maileguan hartu ahal izango dituzte. Honela, beste 80.000 erabiltzaile ingururi irekiko zaie eLiburutegia.