Elikaduraren bitartez osasuna hobetzeko proiektu berritzailea abiarazi da EAEn

Actualizado: lunes, 30 octubre 2017 12:07

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

"Euskadiko elikadura osasungarrirako ekimenak" izeneko proiektu berritzailea jarri da martxan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), elikaduraren bitartez osasuna sustatuko duen ingurune bat sendotzeko banakoaren eta taldearen osasuna hobetzeko helburu zehatzekin, eta, era horretan, elikadura eredu desegokiei lotutako gaixotasun kronikoen goranzko joera eteten laguntzeko asmoz.

Xede hori lortzeko, egitasmoak bost lerro estrategiko eta 18 proiektu jaso ditu, eta asmoa da aurreneko emaitza positiboak 1.000 egunetan lortzea pertsonen elikaduran esku hartzen duten eragileen inplikazio aktiboarekin.

Proiektua aurkezteko agerraldia eskainiko du astelehen honetan, Bilbon, Jon Darpon Osasun sailburuak, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak, Olatz Garamendi Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak, Eneko Atxa sukaldariak eta Daniel Lasa Mugaritz jatetxeko I+G arloko zuzendariak.

Jaurlaritzako Osasun Saila izango da egitasmoaren buru eta koordinatzaile, eta beste sail batzuren -bereziki Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren eta Hezkuntza Sailaren-, zenbait erakunderen, Osakidetzaren eta Osalanen parte hartzea izango du, baita hainbat sektoretako 50etik gora profesional, enpresa eta erakunderena ere, modu aktiboan eragiten dutenak pertsonek elikatzeko dituzten jokabideetan.

Proiektuak jarduteko esparru orokor bat osatzen du elikaduraren bitartez osasuna sustatzeko, sentsibilizazioa areagotuz eta elikadura on baterako aukera gehiagori bide emanez. Horretarako, Darponek ziurtatu du beharrezkoa dela gizartearen eremu guztietan ahalegin koordinatuak egitea eta giza elikadurarekin zerikusia duten eragile eta sektore guztiek parte hartzea.

Horrela, proiektuak emaitza positiboak lortu nahi ditu 1.000 egunetan. Hain zuzen, lau helburu zehatz lortu nahi ditu. Jarrera errealista batetik hautatu ditu helburuak. Horrela, lehenik, frutak eta barazkiak egunero jaten dituzten gazteen eta haurren indizea %20 handitu nahi da, hau da, gazteen %60k fruta egunero kontsumitzea eta %22k barazkiak egunero kontsumitzea lortzea.

Bigarrenik, gatz kontsumoa %20 murriztea nahi da, alegia, eguneko 9,6 gramo kontsumitzetik -pertsona bakoitzeko batez besteko kontsumoa-, eguneko 7,5 gramo kontsumitzera. Hirugarrenik, azukre askeen kontsumoa %20 murriztea bilatuko da, eguneko 100 gramo kontsumitzetik -pertsona bakoitzeko batez besteko kontsumoa-, eguneko 80 gramo kontsumitzera.

Azkenik, EAEn elikadura osasungarriaren alde lan egiten duten eragileen eta ekimenen %50ek sarean lan egitea lortu nahi da, elikadura osasungarrirako ekimenek biltzen dituzten ekintzetakoren batekin gutxienez bat eginda.

18 PROIEKTU

Darponek azaldu duenez, "Euskadiko elikadura osasungarrirako ekimenak" proiektuak bost jarduketa lerro eta 18 proiektu zehatz ditu, informazioa eta ezagutzari; eragileen inplikazioari; jarduketa espezifikoari gazteek eta haurrek, eta helduek osatutako lehentasunezko segmentuetan; gizartean eragina izango duten kontzientziazio eta gaikuntza programei, eta kontrol eta ebaluazio sistema sinkronizatuari lotuta.

Ildo honetan, elikadura osasuntsuarekin konpromisoa duen entitate zein talde oro atxiki ahal izango da proiektura, Osasun Sailaren web orrian astelehen honetatik aurrera erabilgarri egongo den atxikimendu prozeduraren bidez.

Gainera, eskola jangeletan ere burutuko dira ekintzak, eta "Eskola jangelen eguneratzea 360º" proiektua jarriko da abian. Fruten eta barazkien kontsumoa handitzea da helburua, eta horretarako berrikuntza bideak aktibatuko dira bi eremutan: batetik, menuak lantzean eta aurkeztean, platerei eta elikagaiei itxura erakargarriagoa emanez, eta bestetik, kontsumo inguruneetan, alderdi fisikoari nahiz janaria ahoratzeko erritmoen kudeaketari dagokienez.

Halaber, bizi ohitura osasungarrien ezagutza eta praktika gazteen artean bultzatzeko app ludiko-pedagogiko bat sortuko da, baita Twitter kontu bat ere. Lan eremuan ere jardungo da, eta enpresa eta lantokietarako orientazio programa bat bultzatuko da, hainbat neurri adosteko zer, noiz eta nola jaten den hobetzeari begira.

Beste helburuetako bat da ostalaritzaren eta jatetxeen sektorearekin batera lan egitea. Horretarako, multimedia gida bat landuko da, ostalaritzako establezimenduak orientatzeko sektore horretan eskaintza osasungarri bat izan dezaten. "Vending adimentsua eta osasungarria" eskueran izatea da hartu beharreko beste neurrietako bat eskaintzen diren elikagaien %50ek gutxienez NAOS Estrategiaren baldintzak bete ditzaten.

PROFESIONALAK

Bestalde, osasuneko profesionalei lagundu eta prestatuko dira elikadura osasungarri baterako eskaintzen dituzten jarraibide orokorrak homogeneizatzeko eta elikadura gehitzeko osasuna hobetu eta patologiak prebenitzen dituen faktore gisa.

Azkenik, proiektuak antolamendu agertoki bat jasotzen du, programan lehentasuna eman zaien proiektuak bultzatu, garatu eta haien jarraipena egiteaz gain, instituzio, erakunde eta eragile desberdinen atxikimendua biltzeko aukera emango duena pertsonen elikadura hobetzeko konpromiso bateratu bat lortzeko.

Horretarako batzorde bat eratzea aurreikusi da, parte hartzen duten sail eta erakunde desberdinetako ordezkariekin, baita kontsultarako eta partaidetzarako foro bat ere, Euskadin elikadura osasungarriaren alde lan egin nahi duten sektoreen arteko etengabeko elkarrizketa bidea izateko. Batzordeak eta foroak kudeaketa unitate baten laguntza jasoko dute, programaren abiaraztea, dinamizazioa, garapena, ebaluazioa eta jarraipena koordinatzeko.