Elkarkidetzari egin beharreko ekarpenak "berehala egiteko" eskatu dio ELA Bizkaiko Aldundiari

ELAko ordezkariak Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean
Foto: ELA
Actualizado: martes, 11 febrero 2014 13:15

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   ELA sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, Bilbon, eta gutun bat helarazi Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiari, "Euskal Autonomia Erkidegoko diputazio eta udal gehienek bezala", Elkarkidetza Borondatezko Gizarte Aurreikuspen Erakundeari egin beharreko ekarpenak "berehala egiteko" exijitzeko.

   Bilkuran, Bizkaiko Aldundiaren jarrera salatu du ELAk, EAEko foru aldundi eta udal gehienak, "Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bilboko Udala buru", urtarrilean hasita, instituzioei dagozkien ekarpenak egin dituztelako, baina Bizkaiko Foru Aldundiak, aldiz, ez duelako berari dagokion zatia ordaindu.

   "Bizkaiko Foru Aldundiak, Espainiako legeak jarraituta, Elkarkidetzari egin beharreko ekarpenak bertan behera utzi zituen 2012. urtean, langileekin sinaturiko hitzarmenak errespetatu gabe. 2014rako, aldiz, jada ez dago ekarpenak egiteko debekurik, baina Jose Luis Bilbao buru duen Foru Aldundiak, EAJk berak eginiko emendakinak ere ez ditu bete, eta ez ditu berari dagozkion ekarpenak egin", kritikatu du.

   ELAko ordezkariek azaldu dutenez, Elkarkidetzari egin beharreko ekarpenak Bizkaiko Foru Aldundiko langileen lan baldintzak arautzen dituen akordioan hitzarturikoak dira, eta beraz, foru erakundeak ekarpenak egiten ez baditu, "instituzio honen murrizketa larri bat izango da, inork ez inposaturiko murrizketa bat".

   Hori dela eta, sindikatuak eskutitz bat helarazi dio Bizkaiko ahaldun nagusiari, "langileokin harturiko konpromisoak bete egin behar direla eta gaur gaurkoz ez dagoela ekarpenak egitea beste irtenbiderik esanez, eta dagokion zatia berehala ordaintzeko exijituz".