Elorrioko bonbardaketaren 80. urteurrena gogoratzeko ekitaldiak antolatu dituzte

Elorrioko bonbardaketaren 80 urteak gogoratuko dituzte
ELORRIOKO UDALA
Actualizado: miércoles, 22 marzo 2017 13:50

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Elorrioko Udalak eta herritar talde batek zenbait ekitaldi antolatu dituzte italiar hegazkinek Bizkaiko herria airez bonbardatu zutenetik martxoaren 31an 80 urte betetzen direla gogoratzeko. Besteak beste, hitzaldiak, bisita gidatuak edota Oroimenerako Ekitaldia antolatu dute.

"Iragana ahaztu barik, etorkizunera begira" izenburupean, memoria historikoa landu nahi dutela nabarmendu du Idoia Buruaga Elorrioko alkateak ekitaldien aurkezpenean. "Etorkizunera begiratzeko, lehenik eta behin nondik gatozen ezagutu behar dugula uste dugu. Izan ere, urteak aurrera joan ahala, geroz eta gutxiago dira bonbardaketa hori ezagutu zutenak, eta bada garaia horiek utzi ziguten ondasun guztia balioan jartzeko", esan du.

Egitaraua asteartean hasi zen, Aranzadi elkarteko kide Jimi Jimenez Sanchezek Iturri Kultur Etxean eskainitako "Fosas del Olvido, Fosas del Silencio" hitzaldiarekin. Martxoaren 28an, berriz, "Zerutik I(z)ua dator, Durangaldea bonbapean" hitzaldia eskainiko du Jon Ander Ramos Martinez Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasleak; 19:00etan hasiko da, Iturri Kultur Etxean.

Urteurrenaren egunean izango dira ekitaldirik nabarmenenak, martxoaren 31an. Lehen aldiz, bonbardaketako aztarnak non dauden eta horien gaineko azalpenak ezagutzeko aukera izango da bisita gidatuen bitartez. Lehenbizi, herriko ikastetxeekin bisitak egingo dira, gazteenek ere jakin dezaten egun hartan zer gertatu zen. Horrez gain, arratsaldean herritarrentzako hiru bisita gidatu antolatu dira: lehena, euskaraz, 17:00etan hasiko da eta ordubete ingurukoa izango da; hurrengoa, 18:00etan, gazteleraz egingo da; azkena, berriz, 19:00etan hasiko da, eta euskaraz eskainiko da.

Bisita gidatuetan izena emateko, Elorrioko Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan edo 94 658 27 12 telefono zenbakira deituta egin beharko da. Bisita bakoitzak 25 pertsona hartuko ditu gehienez.

Bukatzeko, martxoaren 31an bertan, arratsaldeko 20:00etan, "Oroimenerako Ekitaldia" egingo da plazan. Ekitaldian bonbardaketa horretako biktimak omenduko dira.