Eloy Alvarez Pelegry Orkestraren Energia Katedraren zuzendaria Ingeniaritzako Errege Akademiako kide aukeratu dute

Actualizado: miércoles, 28 marzo 2012 12:30

BILBO, 28 Mar. (EUROPA PRESS) -

Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren Energia Katedraren zuzendaria den Eloy Alvarez Pelegry Ingeniaritzako Errege Akademiako kide izendatu dute. Akademiako kide berriaren harrera ekitaldia astearte arratsaldean izan zen, erakundearen Madrilgo egoitzan, Orkestrako iturriek jakinarazi dutenez.

"Energía, Tecnología e Ingeniería" izenburuko sarrerako hitzaldian, Alvarez Pelegryk ingeniaritzaren, teknologiaren eta energiaren arteko elkarrekintzaren inguruan hitz egin zuen. Gainera, energia fosil batzuetan sakondu zuen, bereziki petrolioan eta gas naturalean, baita energia berriztagarrietan ere. Hain zuzen ere, hobekuntza teknologikoen ondorio estrategikoak agerian utzi zituen, esate baterako gasaren ziklo konbinatuetan.

Hitzaldian ez zuen bazterrean utzi gaur egun energia munduan funtsezkoa den gaietako bat: CO2 gutxi igorriko duen energiaren bat bilatzea eta finantzatzea. Eloy Alvarezek iradoki zuen "karbono gutxiko ekonomia eraginkortasunez nola finantzatu sakon aztertzea, zama handiena sektore eraldatzaileek eraman ez dezaten eta gure energia eta industria sektorea lehiakorragoa eta iraunkorragoa izaten lagundu dezan".

Eloy Alvarez Pelegry Meatzeetako Ingeniaritzan doktorea da Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan (1996), Meatzeetako Ingeniaritzan lizentziaduna Oviedoko Meatzeetako Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan (1975), Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna Madrilgo Konplutense Unibertsitatean (1988) eta "Business Studies"-en diplomaduna (Merit-arekin) London School of Economicsen (1982).

Gaur egun Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren Energia Katedraren zuzendaria da. Bertako ikertaldeak energia efizientea, ingurumenari begiratuta iraunkorra eta lehiakortasunaren garapenari lagunduko diona lortzeko eztabaidaren inguruan hausnarketak egin eta elementuak eskaini nahi ditu. Zehazki, Orkestraren Energia Katedrak bi gai multzo handiren inguruan lan egiten du: energia eta industria lehiakortasunari eta industria garapenari lotutako alderdietan; energia ekonomiaren eta merkatuen ikuspegitik.

Orkestrara iritsi aurretik, Alvarez Pelegry Sistemen eta Prozesuen Saileko ingeniari arduraduna izan da Electra del Viesgo enpresaren Sail nuklearrean; Gas sareen proiektuen ingeniaria ENAGASen 1978tik 1981era; Unión Fenosa Gas enpresan hainbat ardura izan ditu 1989tik 2009ra, horietan azkena Kalitate, Ingurumen eta I+G+Bko zuzendari nagusia. Madrilgo Konplutense Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko eta Madrilgo Meatzeen Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Energia Sistemen Sailaren irakasle ere izan da.