Emakume bat atxilotu dute Bilbon etxean droga saltzeagatik

Udaltzainak emakumea atxilotzen
BILBOKO UDALTZAINGOA
Actualizado: lunes, 25 febrero 2013 14:17

BILBO, 25 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaltzaingoak 50 urteko pertsona bat atxilotu du Cantalojas kalean etxean droga saltzeagatik. Operazioa auzokideen lankidetzari esker gauzatu ahal izan da, behin baino gehiagotan, kexak aurkeztu baitituzte miatutako etxean egiten zen legez kanpoko jarduera salatzeko.

Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, atxiloketa joan den ostegunean egin zen, zenbait asteko ikerketaren ondoren, San Frantzisko inguruko auzokideek Harrobi plazako Komisariako Ofizial Buruaren aurrean Gatazka-Lantaldearen bitartekaritzaz aurkeztu zituzten kexak abiapuntutzat hartuta.

Kexa horien guztien arabera, Cantalojas kaleko etxebizitza batean txikizkako droga salmenta egiten zen, eta jendearen joan-etorriak etengabekoak ziren eguneko eta gaueko edozein ordutan.

Auzokideek jendearen joan-etorri horiek eragindako eragozpenak pairatzen zituzten, eztabaidak, garrasiak eta borrokak sarri gertatzen baitziren, eta behin edo behin droga atariaren barruan kontsumitzen zuten.

Sortutako alarma sozialaren aurrean, Bilboko Udaltzaingoko Droga Unitateko agenteek, Harrobi plazako Komisariako unitateekin batera, zaintza-dispositibo bat antolatu zuten aipatutako etxebizitzaren inguruan, eta horren bitartez, auzokideek salatutakoa egiaztatu ahal izan zuten.

Salmentak egiten zituen pertsona 50 urteko emakumezko bat da, udaltzainek 'Manoli' izenaz ezagutzen zutena eta aurrekari polizialak eta erreklamazio judizialak dituena. Udaltzaingoaren ikerketan, ordu bakar batean droga erostera joaten ziren 15 pertsona baino gehiago zenbatu ziren.

Udaltzainek etxebizitzatik irten ziren zenbait drogazale identifikatu zituzten, eta aldean drogaz betetako poltsatsoak zeramatzatela egiaztatu zuten. Proba horietan oinarrituta, etxebizitzan sartu eta erregistratzeko agindua eskatu zuten.

Honela, agintari judizialarekin batera egindako miaketan, txikizka saltzeko moduan zeuden zenbait droga-kopuru atzeman zituzten, baita dirua eta droga zeramaten poltsatsoak bete eta pisatzeko tresnak ere. Azkenean, emakumea atxilotu eta Guardiako Epaitegiaren esku utzi zuten, Udaltzaingoaren argiketa-agiriarekin batera.