Emakume bat atxilotu dute Bilbon, saltoki batean material informatikoa lapurtzeagatik

Actualizado: miércoles, 17 diciembre 2014 18:06

BILBO, 17 Dic. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 33 urteko emakumezko bat atxilotu zuten asteartean Bilbon, saltoki batean indarrez material informatikoa lapurtzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Astearte arratsaldeko 16:30 baino minutu batzuk lehenago, Juan de Garay kaleko saltoki bateko arduradunak lapurreta baten berri eman zion Ertzaintzari. Salaketaren arabera, dendaren atea kisketaz itxi ondoren, goiko solairura joan zen. Han zegoenean, beheko solairuan zaratak entzun zituen. Berehala jaitsi zen eta emakume bat eta ume bat ikusi zituen atetik korrika irteten. Eskutan, hainbat salgai zeramatzaten.

Inguruan zaintza lanak egiten ari zen patruila batek salatzaileak emandako deskripzioarekin bat zetorren emakume bat ikusi zuen lekutik gertu. Ertzainak susmagarriarengana eta umearengana gerturatu ziren, eta poltsa baten barruan dendatik hartu zituen ordenagailu eramangarriak eta bestelako objektuak aurkitu zizkioten. Hainbat datu egiaztatu ondoren, atxilotu egin zuten eta ertzain etxera eraman zuten beharrezko izapideak egiteko.