Emakume eta gizonen berdintasunaren alorrean ikerketak egiteko 70.000 euro banatuko ditu Emakundek hiru bekaren bidez

Publicado: domingo, 17 diciembre 2017 12:36

BILBO, 17 Dic. (EUROPA PRESS) -

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak emakume eta gizonen berdintasuaren arloko hiru beka deialdi onartu ditu 2018rako, 69.999 euroko balioarekin. Deialdian hiru beka mota daude, eta mota bakoitzari ikerlan desberdin bat dagokio, Emakundek jakinarazi duenez.

Horrela, bi deialdiaren helburua da bekadun izango direnak genero harremanen testuinguruan agertzen ari diren ikerketa gai eta eremuetara bideratzea eta eremu horietan trebatzea sustatzea, eta gure gizartean balio aldaketa bat gerta dadin laguntzea.

Bestalde, beste bekaren bidez, oso aitortua den premia bati erantzungo zaio, hots, askotariko bereizkeria jasaten duten edo jasateko arriskuan dauden emakumeen premiak aztertzen eta premia horiei erantzuten aurrera egiteko beharrari.

Zehazki, lehenengo bekaren helburua izango da gizarteko eremu guztietan balio aldaketa gauzatzen lagunduko duten eta gizartea berdintasunerantz eramango duten ekimenak eta proposamenak bilatzea, eta horretarako dauden faktoreak aztertzea.

Bigarren laguntzaren bidez, egoerak eta desberdintasunak aztertu nahi dira askotariko bereizkeria jasateko arriskuan dauden emakumeen kolektiboan, eta bereziki baliabide sozialak eta ekonomikoak baliatzerakoan eta segurtasunean.

Azkenik, hirugarren bekaren helburua izango da emakumeen sarbidea, parte hartzea eta eragina aztertzea arlo soziopolitikoan erabakiak hartzeko esparruetan, eta emakumeen buruzagitza eta ahalduntze politiko eta sozialari laguntzen dioten ekimenak eta estrategiak bilatzea.