Emakumearen aurkako 853 indarkeria kasu antzeman ziren 2016an Osakidetzaren protokoloaren bidez

Emakumeen aurkako Indarkeriari Ez
OSAKIDETZA
Actualizado: viernes, 24 noviembre 2017 11:05

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Osakidetzak emakumeen kontrako 853 indarkeria kasu antzeman zituen 2016. urtean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sustatutako Zaindu izeneko programan ezarritako jarduketa protokoloen bitartez. Kasu guztien artetik, 435 ospitaleko larrialdietako zerbitzuetan ezagutu ziren, eta 418 osasun zentroen lehen mailako arreta kontsultetan.

Horrela jakinarazi du ostiral honetan Osasun Sailak, larunbatean ospatuko den Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta. Ildo horretan, Osasun Sailak "egunetik egunera" berretsi egiten du kausa horrekin duen "konpromiso irmoa eta sendoa", "bai euskal osasun sisteman indarkeria matxista antzemateko mekanismoak ezarriz, bai berdintasunaren kultura sustatuz eta genero bazterkeriaren aurka borrokatuz".

Gainera, emakumeen aurkako indarkeria eta horrek osasunean duen eragin fisikoa eta psikologikoa "lehen unetik lehentasunezkoa da" Osasunj Sailarentzat. Lehentasun hori egikaritzen da "horrelako protokoloak antolatuz eta horrelako edozein indarkeria adierazpen antzeman ahal izateko profesionalei prestakuntza eta baliabide egokiak emanez".

NAZIOARTEKO PROGRAMA

Aurten, Osasun Sailak eta Osakidetzak Nazio Batuen Erakundearen (NBE) "Indarkeria jasaten duten Emakume eta Neskatoentzako Zerbitzu Bereziak" izeneko nazioarteko programan parte hartu du. Euskadin Emakundek sustatzen eta koordinatzen du programa, eta helburua da genero indarkeriaren biktimek osasun arretan, gizarte zerbitzuetan, laguntza juridikoan eta polizialean kalitatezko zerbitzuetara jo dezaketela bermatzea. Ekimena 2017an zehar izan da abian, eta Euskadin egoera aztertzeko diziplina anitzeko lantaldeek jarri dira martxan, hobekuntza arloak antzemateko eta ekintza planak ekarriko dituzten jarduketa zehatzak diseinatzeko.

Gainera, legealdi honetan, Emakumeen Genitalen Mutilazioa antzemateko protokoloa aplikatzen ari da Euskadin. Protokoloa prestatzen Osasun Sailak, Emakundek eta Osakidetzak parte hartu dute. Euskadiko osasun sisteman emakumeen genitalen mutilazioa egitea prebenitzeko eta antzemateko tresna da. Horrelako jarduketak jasaten dituzten emakumeei eta neskatoei arreta emateko ekintza eraginkorrak jaso ditu eta, bereziki, Euskadin bizi diren neskato gehiago genitalen mutilazioaren biktima izatea saihestea.

Aurten, Osasun Sailak Osakidetzaren logotipoa egokitu du eta puntu lila sartu du, tratu txarren aurkako borrokaren sinboloa. Pin moduan banatu du bere zentro eta erakunde guztietan, profesionalek erabil dezaten. Era berean, irudia Osakidetzaren gizarte sare guztietan agertuko da.