Emakumeek bi aldiz denbora gehiago pasatzen dute etxeko lanetan gizonek baino EAEn

Actualizado: lunes, 7 marzo 2016 10:56

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Emakumeek bi aldiz denbora gehiago ematen dute etxeko lanak egiten gizonek baino Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak egindako azterketa baten datuen arabera.

   Eustaten arabera, EAEko genero aldeak bistaratzeko moduetako bat da ikustea emakume eta gizonen denboraren erabileraren bilakaera, egunerokotasuneko zeregin nagusien multzoetan. Berriki, Eustatek digitalki argitaratu du azken bi hamarkadetako gizarte aldaketa nagusien analisia. Eustatek 1993-2013 bitartean bost urtero eginiko Denbora Aurrekontuen Inkestetako datuak aztertu ondoren egin da analisia.

   Horrela, egunerokotasuneko zeregin nagusien multzoak azterturik, alde nagusia etxeko lanetan emandako denboran da. 1993an zein 20 urte geroago, emakumeek denbora gehiago ematen dute lan horietan: 1993an, 3 ordu eta 13 minutu gehiago gizonek baino, eta 2013an, ordubete eta 31 minutu gehiago.

   1993an emakumeek lau aldiz denbora gehiago pasatzen zuten etxeko lanetan gizonek baino, eta 2013an, bi aldiz gehiago. Modu honetan, emakumeek denbora gutxiago pasatzen dute etxeko lanetan, eta gizon gehiago aritzen dira, eta, beraz, hobera egin da, baina ezberdintasunak indartsu dirau; 2013an, emakumeek bi aldiz denbora gehiago pasatzen dute etxeko lanetan gizonek baino.

   Bestalde, 1993an, lan eta prestakuntzan, emakumeek emandako denbora gizonenaren erdia zen, eta 2013an, hiru laurden. Lan eta prestakuntzan, 1993-2013 bitartean emakumeak 2 ordu eta 4 minututik 2 eta 22ra joan dira, goraka, eta gizonak, aldiz, beheraka, 4 ordu eta 15 minututik 3 eta 16ra.

   Halaber, etxeko pertsonak zaintzeko denboran ere ikusten da genero alderik, eta mantendu egiten direla. 2013an, emakumeak 36 minutuz aritzen ziren, eta gizonak 21 orduz.

ERRENTA BANAKETA

   Bestalde, 2013an, gizonek batez besteko 24.414 euroko guztizko errenta zuten, eta emakumeek 14.526 euro, hau da, 9.888 euro gutxiago. Gizonen eta emakumeen errenta pertsonalen arteko alde nabarmenenak 60 eta 64 urte artean daude: gizonena, batez beste, 17.892 euro gehiago.

   Halaber, 18 urteko eta gehiagoko biztanleen errenta pertsonalik altuena 55 eta 59 urte bitartean zegoen, batez beste 25.897 euro. Emakumezkoen kasuan, batez besteko errentarik handiena 50 eta 54 urte artean (batez besteko 19.116 euro) zegoen, eta gizonezkoenean 55 eta 59 urte artean eta nabarmen handiagoa (33.311 euro).

   "Genero arraila" bazen familiaren diru sarreretan 2013an, eta errenta jasotzaile nagusia gizon ala emakume izan, bada alderik. Familian errenta jasotzaile nagusia gizona denean, batez besteko diru sarrerak 44.384 euro dira eta familia gehienak geruza ertain eta goikoetan metatzen dira; emakume denean, aldiz, familiaren batez besteko errenta 33.430 eta beheko errenta geruzetan daude.

   Gainera, emakume bat buru duten familiek 1,8 kide izaten dituzte batez beste, eta gizon bat bada, 2,2, "aintzat hartzeko moduko ñabardura", Eustaten arabera.

ETXEKO PRODUKZIOA

   Bestalde, 2013an, EAEko etxeko produkzioaren balioa 21.342 milioi euro izan zen, hau da, urteko Barne Produktu Gordinaren BPG) %32,4. Produkzio horren balioaren %66,7 emakumeena zen, eta %33,3 gizonena.

   Etxeko Lanaren Kontu Sateliteak emandako datuak dira; helburu nagusia etxeguneek egindako produkzio jardueren irudi orokor bat eskaintzea eta balio ekonomikoa zenbatestea da, zeinaren zati nagusia ez baita jasotzen BPGren zenbatespenetan. Jarduera nagusiak, ostatua, zaintza, hezkuntza, elikatzea eta arroparekikoak dira.

   Azken 20 urteetan gizonen parte hartzea etxeko lanetan 13 puntuz gehitu da (1993ko %20,7tik 2013ko %33,3ra), baina emakumeena bi aldiz handiagoa da oraindik (1993an %79,3; %66,7 2013an). Azken bost urteetan gizonen parte hartzea %5 puntu inguru gehitu da, 2008ko %28,6tik 2013ko %33,3ra. Emakumeen ekarpen nagusiak, arroparekikoak eta beste (%77,1), zaintzak eta hezkuntza (%68,8), elikatzea (%64,3) eta ostatua ematea (%62,4) izan ziren, eta gizonen nagusia ostatua ematea (%37,6) eta txikiena arroparekikoak eta beste (%16,9).