Emakumeen aurkako indarkeriaren erantzunean biktimak erreparatzeko eskubidea gehitzeko erronka gogoratu du Jaurlaritzak

Emakumeen aurkako Indarkeriari ez
EMAKUNDE
Actualizado: martes, 21 noviembre 2017 12:56

GASTEIZ, 21 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak gaitzespen irmoa adierazi du indarkeria sexistaren adierazpide guztien aurrean eta konpromisoa agertu du emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko, datorren larunbatean ospatuko den Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta. Gainera, bereziki gogoratu du emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean emandako erantzunean biktimak erreparatzeko eskubidea gehitzeko erronka.

"Beharrezkoa da ahotsa eta protagonismoa ematea indarkeriaren biktima diren emakumeei zein horiek biltzen dituzten elkarteei, eta haien legitimitatea aitortzea erreparaziorako bideak proposatzeko", adierazi du Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak.

Aldi berean, indarkeriaren jatorria emakume eta gizonen arteko desberdintasunean dagoela jakinda, berdintasun politiken alde egiten jarraitzen duela ziurtatu du, "giza eskubideen urratze onartezin hau prebenitzeko eta ezabatzeko bide eraginkorrena delako". Halaber, gogoratu du jarduten jarraitu behar dela "indarkeria jasan duten emakumeei babes eta arreta integrala emateko neurriak eta baliabideak antolatuta".

Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, "gizarte osoaren inplikazioa funtsezkoa" da emakumeen aurkako indarkeriari heltzeko. Gainera, ziurtatu du gobernuaren sail guztiek arlo honetan Emakunderekin inplikatzen eta lan koordinatua egiten jarraituko dutela.

Azkenik, herritarrak animatu ditu emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean gaitzespena erakustera, datorren larunbatean hainbat herri eta hiritan antolatu diren mobilizazioetan parte hartuta.