Emakumeen kontrako sexu abusuak egotzita, epailearen aurrera eraman dute Gasteizen atxilotutako gizon bat

Actualizado: martes, 24 enero 2017 17:11

GASTEIZ, 24 (EUROPA PRESS)

Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak duela gutxi identifikatu dute Arabako hiriburuan azken hiletan gertatu diren emakumeen aurkako zenbait sexu abusuren ustezko egilea: 31 urteko gizonezko bat. Epailearen aurrera eraman dute eta ikerketapean dago, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Sexu abusuen ustezko egilea bizikletan ibiltzen zen Gasteizko hainbat lekutatik eta normalean burua txano batez estaltzen zuen. Kaletik bakarrik zihoazen emakumeak geldiarazten zituen eta hiriko kale bat non zegoen galdetzen zien. Aitzakia horrekin, emakumeengana hurbildu eta sexu abusuak egiten zizkien.

Lehen kasua uztailean gertatu zen, goizeko 06:00etan, erdialdeko kale batean, baina urtarrilera arte biktimak ez du Ertzaintzaren aurrean salaketarik jarri. Urtarrilean, kasualitatez, gizonezko bera eta modu berean hurbildu ondoren jarri zuen salaketa. Bigarren kasu horretan, bertatik alde egin eta delitua saihestu ahal izan zuen. Gero ertzain etxean jarri zuen salaketa.

Azken asteetan, Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak herritarren zenbait dei eta abisu jaso dituzte gizonezko susmagarriaren presentziaz ohartarazteko. Era berean, zenbait sare sozialetan ildo bereko alerta abisuak agertu dira.

Emandako deskribapenak, jendearengana hurbiltzeko modua eta biktimak jazartzeko guneak kontuan izanik, Ertzaintza eta Gasteizko Udaltzaingoa koordinaturik jardun dute, ikerketa eta jarraipena egiteko. Baterako lan horri esker, Ertzaintzak urtarrilean identifikatu ahal izan du sexu abusuen ustezko egilea.

Susmagarria 31 urteko gizonezko bat da, eta delituzko bi aurrekari ditu: ebasteagatik eta adingabe baten aurrean exhibizionismoa egiteagatik. Urtarrilaren 15ean egin ziren polizia eginbideak, susmagarria bertan zela, eta ondoren epailearen esku geratu zen.

Pertsona horren biktima gehiago egon daitekeela uste da. Hartara, Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak laguntza eskatu dute gizonezko horren sexu abusuen biktima izan diren pertsonek salaketa jar dezaten.