Emakumeen Taldekako II. Itsas Milia jokatuko da Bilbon igandean

Actualizado: viernes, 24 octubre 2014 16:48

BILBO, 24 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bizkaia Bizkaialde Fundazioak eta Santutxuko Atletismo Taldeak Emakumeen Taldekako Itsas Miliaren bigarren edizioa antolatu dute Bilbon igande honetarako, urriaren 26rako. Proba Bizkaiko Atletismo Federazioaren egutegiaren barruan dago, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Lasterketak hiri zirkuitua izango du, 1.851,85 metrokoa, eta Guggenheim Bilbao Museoaren ondoan egingo da. Taldeka hartuko da parte, eta nahi duten emakume guztiek izena eman ahal izango dute, edozein kategoriatan, federazioaren lizentzia izan ala ez. Talde bakoitzeko gehienez sei pertsonek eman dezakete izena, eta talde bakoitzeko lehenengo hirurek puntuak lortuko dituzte azken sailkapenerako.

Erakunde, enpresa, klub, ikastetxe eta abarrek kategoria bereko hainbat talde inskribatzeko aukera izango dute; horretarako, erakundearen izena eta, ondoren, A, B, edo C letra jarri beharko dute, dagokienaren arabera. Talderik izan ezean, indibidualki ere eman ahal izango da izena, eta antolatzaileek pertsona hori proba egiten den egun berean sartuko dute talde batean.

Kategoria irekian sailkapen independente bi egingo dira: bata Bizkaia Bizkaialde Fundazioaren babesle edota laguntzaileentzat, eta, bestea, librea, lagun, familiarteko eta abarrez osatutakoa.

Emakumeen eliteko kategorian, atletismoan federatutako atletek tarte bat gehiago egin beharko dute. Izena emateko sei euro ordaindu behar ditu talde bakoitzak, eta hiru euro kirolari indibidualek. Bizkaia Bizkaialde fundazioak lasterketa horren bidez lortzen duen dirua bere proiekturako erabiliko du, hau da, Bizkaiko erreferentziako klub eta kirolariei laguntzeko.

Sariei dagokienez, garaikur bana emango zaie kategoria bakoitzean sailkatzen diren lehenengo hiru taldeei. Bizkaiko Atletismo Federazioko epaileek kontrolatuko dute lasterketa, eta proba amaitzen duten kirolari guztiei janari poltsa bat eta zenbait opari emango zaizkie, erakunde babesleek emandakoak.