Emakundek Berdintasunaren aldeko Erakunde Laguntzaile izendatu ditu zazpi erakunde

Emakundeko eta bereizgarria jaso duten erakundeeetako ordezkariak
EMAKUNDE
Actualizado: jueves, 31 marzo 2011 13:56

GASTEIZ, 31 Mar. (EUROPA PRESS) -

Emakundeko zuzendari Maria Silvestrek Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde izendatzen duen bereizgarria eman die gaur goizean zazpi erakundetako ordezkariei, hain zuzen ere, Asfedebi, Zubietxe, 97&SF, Lantegi Batuak, Bilur 2000, Limpiezas Bilur eta Prosetecnisa erakundeei.

Bereizgarria 1994an eratu zen emakume eta gizonen berdintasunean aurrerapausoak emateko konpromisoa hartzen duten erakundeek egindako lana aitortzeko eta, gaur jaso dutenekin, dagoeneko 59 erakundek dute bereizgarria.

97 & SF enpresa Bilbon sortu zen 1997an eta erakunde eta enpresen aholkularitza egiten du berrikuntza, estrategia, gestioa eta berdintasun aholkularitza enpresa bezala. Bestalde, Zubietxe irabazi asmorik gabeko erakundea da, 1993an sortu zen, eta bazterketa soziala pairatzen duten pertsonekin lan egiten du, hauek gizarteratzeko helburuaz.

Halaber, ASFEDEBI (Bizkaiko Kirol Elkarteen Federazioen Elkartea) 1994an sortutako irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta bere zeregina Bizkaiko kirol federazioak laguntzea da. Federazioen eta erakundeen arteko bitartekaritza lanak betetzen dituzte.

Horrez gain, BILUR 2000 enpresak zerbitzu laguntzaileak eskaintzen ditu 1997tik, eta bederatzi egoitza ditu Araban, Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan, Asturiasen, Kantabrian eta Cadizen. Limpiezas Bilur garbiketa enpresa da, 2006an sortua, eta sei egoitza ditu Bizkaia, Cádiz, Coruña, Madrid, Asturias, eta Kantabrian.

Bestalde, Prosetecnisa segurtasun enpresa da, 1983. urtean sortua, eta Barakaldon (Bizkaia) du egoitza, bai eta Estatuko beste 11 lekuetan ere.

Azkenik, Lantegi Batuak kalitatezko lan-aukerak sortzen dituen irabazi asmorik gabeko erakundea da. Urritasunen bat duten pertsonak ahalik eta gehien garatzea da bere helburua, adimen urritasuna duten bizkaitarrena, batez ere.

DIAGNOSTIKOA ETA PLANA

Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde izateko beharrezkoa da enpresa barruan emakume eta gizonen egoera aztertzen duen diagnostikoa egitea, lehenik eta behin, eta, ondoren, ekintza positiborako plan bat diseinatu eta aurrera eramateko konpromisoa hartzea.

Ekintza positiborako plan honek zenbait helburu bete behar ditu, besteak beste, aukera berdintasunen aldeko politika bultzatzea langileak kontratatu, sustatu eta trabatzeko orduan; zuzendaritzako langileak eta langileen kontratatze lanak burutzen dituztenak aukera berdintasunean trebatzea; kontratazio, aukeraketa eta trebakuntza prozesuak aldian-aldian gainbegiratzea, hartu diren neurriak aplikatzen diren baieztatzeko.

Halaber, planak malgutasun bideak eskaini behar dizkie familia mailako ardurak dituzten langileei, eta emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna lortzeko bideak erraztuko dituzten informazio edo sentsibilizazio kanpainak egin behar ditu.

Emakume eta gizonen egoeraren diagnostikoa egiteko eta ekintza positiborako planak lantzeko, enpresek laguntza teknikoa eska dezakete eta horretarako homologaturiko entitate kontsultoreen bitartez eskaini ahal zaie. Emakundek, honetarako, urtero egiten du diru-laguntzen deialdia.