Emakunderen "Enpresetan berdintasunari buruzko diagnostikoak eta planak egiteko metodologia" eguneratua

Actualizado: lunes, 19 junio 2017 14:11

GASTEIZ, 19 (EUROPA PRESS)

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak "Enpresetan berdintasunari buruzko diagnostikoak eta planak egiteko metodologia" gida eguneratua aurkeztu du astelehen honetan, Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. Enpresetan berdintasun arloko metodologiak garatzen aurrera egitea du helburu, horien bidez ahalbidetzen baita, alde batetik, erakundean berdintasuna estrategia eta ardatza izatea, enpresaren barruko zein kanpoko eremuetan gertatzen diren aurrerapauso eta atzerapausoen jarraipena egiteko tresna bat eskainiz.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gogoratu duenez, "lan munduan, lan merkatuan, emakume eta gizonen artean oraindik ere desoreka handia dago, ezberdintasun handiak daude. Dudarik gabe, gizartean emakume eta gizonei ezarritako rol eta estereotipo ezberdinek eragin zuzena dute lan merkatuan ere, eta horrek emakumeengan oztopo bereziak sortarazten ditu bai promozionatzeko orduan, bai soldata orekatua jasotzeko orduan, bai euren bizitza pertsonala eta profesionala uztartzeko orduan eta abar".

Emakundek alor honetan egiten duen lana enpresak sentsibilizatzean, aholkua ematean eta berdintasun planak egiteko laguntza eskaintzean datzala aipatu du. Horrekin batera, alor honetan lan egiten duten enpresak publikoki aitortzen ditu. Emakunderen helburua da berdintasun planak dituzten enpresa pribatuen kopurua gehitzea eta horretarako tresna ezberdinak erabiltzen ditu.

Hain zuzen, enpresei aholkularitza ematen die ikerketa eta tresna eta metodologikoen bitartez, erakundean berdintasuneko planak, programak eta ekintzak egin ditzaten. Gainera, diru laguntzak banatzen ditu berdintasun planak eta diagnostikoak egin ditzaten.

Halaber, Emakundek "Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea" aintzatespena ematen du, eta aholkularitza enpresak homologaten eta jarraitzen ditu, enpresei eta entitateei laguntza teknikoa eman diezaieten. Azkenik, sentsibilizazio jardunaldiak antolatzen ditu lankidetza erakundeekin eta interesa duten beste empresa batzuekin.

Horrekin guztiarekin batera, Emakundek berdintasunarekin konpromisoa duten enpresen arteko sareak bultzatzen eta laguntzen ditu. Ildo honetan, Berdintasunerako Enpresa Publikoen Sarea sortu zen duela urte batzuk, eta legealdi honetan BAI nerdintasuna lantzeko enpresen arteko sarea sortu da.