Emakundek kanpaina bat antolatu du emakumeen kirol taldeak omentzeko

Actualizado: viernes, 18 marzo 2011 13:01

BILBO, 18 Mar. (EUROPA PRESS) -

Kirolaren eremuan generoen arteko aldea "izugarria" dela kontuan izanik, Emakundek kanpaina bat jarri du abian Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) goi mailako taldeetan kirola egiten duten emakumeak omentzeko. Kanpaina honen barruan, Realeko jokalariek sinatutako baloia eta elastikoa jasoko ditu Emakundeko idazkari nagusi Arantxa Elizondok igande honetan, Zubietan eguerdiko 12:00etan duten partidaren atsedenaldian.

Kanpaina honen bitartez lehen mailan dabiltzan emakumeen kirol talde guztien kamiseta eta baloiak jaso nahi ditu Emakundek, ondoren, erakusketa bat antolatzeko, emakumezko kirolariak ahalduntzea eta ikusaraztea bereziki kontuan hartuta.

Arantxa Elizondoren esanetan, "badakigu kirola eta jarduera fisikoa, hezkuntzan eta komunikabideetan duten potentzialtasunagatik, gizartea aldatzeko eragile ere izan daitezkeela eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen lagun dezaketela".

Zentzu honetan, Elizondok azpimarratu du Emakundek lanean jarraituko duela "ametsa egia bihurtzeko", alegia, adin eta baldintza orotako emakumeei berdintasuna bermatzeko, kirolaren eremu eta maila guztietan hasi, parte hartu eta emakumeak ordezkatu behar dituztenean.