Energia berriztagarriei buruzko topaketa bat egingo da Bilbon asteazkenetik ostiralera

Actualizado: martes, 19 marzo 2013 13:41

BILBO, 19 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak 60 herrialdetako 250 aditu bilduko dituen topaketa zientifiko bat antolatu du asteazkenetik ostiralera bitartean, energia berriztagarrien oraina eta geroa aztertzeko asmoz.

Energia Berriztagarrien eta hornikuntza Kalitatearen Nazioarteko XI. Topaketak (International Conference on Renewable Energies and Power Quality-ICREPQ'13) Bizkaia Aretoan egingo dira, EHUk Bilboko Abandoibarran duen paraninfoan.

EA4EPQ Europako energia berriztagarrien garapenerako elkarteak, Vigoko Unibertsitateak eta EHUk sustatu dute ekimena, eta EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Ingeniaritza Elektriko Sailaren ardurapean antolatu da.

Antolatzaileek, aurkeztu diren 403 txostenen artetik, 248 aukeratu dituzte; energia berriztagarrien nahiz argi indarraren hornikuntzan eman diren aurrerapen nahiz garapenak aztertzen dituzte txostenok. Kontzeptu honek zuzeneko lotura du ekipamenduen baldintzak hobetzearekin, fidagarritasunarekin, erabilera-bizitzarekin nahiz argi indarraren zerbitzuaren etenaldiak eragindako kostuen aurrezkiarekin.

Aztertuko diren txostenen kopurua handia dela eta, parte-hartzaileak arloka talde espezializatuetan banatuko dira, baina, hala eta guztiz ere, sei osoko bilkura antolatu dira gai hauek lantzeko: iturri berriztagarrien hedapen izugarria, eguzki planta termikoak, turbina eolikoen teknologiaren azken joerak, energia pilaketa, potentzia bihurtzaileak eta itsas parke eolikoen integrazioa hornikuntza sarean.